Guggenheim Bilbao Museoak eta Dario Urzayk Cathedral-Goal Keeping I eta Cathedral-Goal Keeping II (2024) lan grafikoen edizio mugatua aurkezten dute, Bilboko artistak berariaz Athletic Cluben omenez sortu duena duela gutxi lortutako 25. Errege Koparen oroigarri.
Obra-bikotea Shoot Strokes sailekoa da, talde bizkaitarra animatzeko sortutako tamaina handiko argazki-irudiez osatutakoa, oraindik Guggenheim Bilbao Museoaren arkitekturan instalatuak ikus daitezkeenak. Irudiotan, Darío Urzayk argazki-kameraz egindako “brotxakadaz” jaso ditu Bilboko argiak, hiriaren historiaren ardatz izan den itsasadarra eta Athleticen koloreak. Jokalariek baloia atera jaurtitzen duten bezala, Urzayk argazki-kamera baliatzen du lan hauetan bere shootak jaurtitzeko, Action Paintingean pintura mihise gainera jaurtitzen den moduan.
Itsadarrari begira dauden Atrioko beira-hormek 500 metro baino gehiagoko gainazala dute eta han instalatu zuen artistak omenaldirako lan grafikoaren parte bat. Izan ere, Urzayren lana Museoan jarrita gabarraren ospakizunetan irudi ikonikoa bilakatu zen, hainbatetan atera baitzuten tokiko nahiz nazioarteko hedabideek. Atrioko bi lan ikusgarri horiek izan dira eskala txikituta edizio honetarako aukeratu direnak. Irudi-bikotearen obra bakoitzeko 100 ale egin ditu artistak, guztiak ere hark sinatuak eta zenbakituak; kirol arloko balentriaz gain, lurralde osoko milioika pertsona batu dituen mugarria izan denaren oroitzapen ezabaezina izan nahi du obrak.
Bi obra berri horiek zein artistak Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman dituen beste biak —Frakzioa (Mikrobertsoa I) batean [En una (Microverso I) Fracción, 1997] eta Frakzioa (Mikrobertsoa II) batean [En una (Microverso II) Fracción, 1997]— Darío Urzayk 1990eko hamarkadan hasitako Camerastrokes sailari lotzen zaizkio. Artistaren hitzetan, “espresionismo abstraktuko keinu-pintore baten brotxaren mugimendua kamerarekin imitatuz egindako argazkiak dira, eta horietan erabilitako ‘materia’ argia da.” [1] Horrela, pintoreak brotxakadaren ekintza eraldatzen du elementu mekaniko bat bere eskuaren eta gainazalaren artean sartzean. Elementu hori ez dago soilik artistaren ekintzaren mende, pintzelarekin gertatzen den bezala, baizik eta partzialki kontrolaezina edo bestelakoa den teknologia baten mende ere badago, hala nola argazki-kameraren edo ordenagailuaren mende, zeinarekin bere shoota edo “brotxakada” jaurtitzen baitu.
Aurkezpenaren harira, topaketa bat egingo da maiatzaren 9an, ostegunarekin. Museoko arte-arduradun Lucía Agirrek aurkeztutako saio horretan, Dario Urzayk proiektua bera eta edizioaren berezitasunak azalduko ditu.
Obra erosi nahi dutenek Museoko Denda-Liburudendan egin ahal izango dute maiatzaren 3tik aurrera. Museoaren Lagunek deskontuarekin eros dezakete apirilaren 25etik aurrera, Banakako Kideen sailaren bitartez (94 435 90 12).
Lagunen programari buruzko informazio gehiago hemen.
Ezaugarri teknikoak:
Inpresioa: Fine Art inprimaketa Photo Rag® Bright White paper gainean (Hahnemühle Cotton Smooth, 310 gr/m2)
Neurriak: 84,1 x 118,9 cm
Inpresio-eremua: 53 x 100 cm
Edizio mugatua: obra bikotea, 100 ale obra bakoitzeko, artistak zenbakituak eta sinatuak, 5 A.P., 1 I.P. eta 1 H.C.
Prezioa: Museoaren Lagunak: 2.000 €; Publiko orokorra: 2.500€
Dario Urzayrekin topaketa:
Maiatzak 9, 18:00, Museoko Liburutegian.
Publiko orokorrari zuzendua.