Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak #BiziberrituPuppy crowdfunding ekimena atera du obra honen berritze-lanari ekiteko

Guggenheim Bilbao Museoak #BiziberrituPuppy crowdfunding edo mikromezenasgo ekimena aurkeztu du, Jeff Koons-en Puppy eskultura loreduna barrutik berritzeko behar diren funtsak biltzeko, artelan hau Museoaren eta Bilboren ikono denez gero.

Museoak bere lehenengo crowdfunding kanpaina abian jartzea erabaki izanaren arrazoia hauxe da: Museoko Kontserbazio saileko adituek aurrera eramandako analisi tekniko sakon batean ondorioztatu denez, obrak interbentzio bat behar du. Prebentzioari begira, bere barne-egituraren osagaiak ordeztu eta sanotu behar dira, etorkizunean Puppy egoera onean jarrai dezan. 100.000 euroko kostua dute altzairuzko barruko ‘hezurdura’, ureztatze-sistema, eta loreak elikatzen dituen substratua irmotzeko ezarrita dituen geruza desberdinak (sare metaliko elektrosoldatua eta ehun geotestila, besteak beste) berritzeko lanek. Beraz, Museoak gizartearen laguntza eskatzea erabaki du hain maitatua eta adierazgarria den gure Puppy datozen 25 urteetan apain jarrai dezan, egoera onenean.

Horretarako, Museoak BiziberrituPuppy micrositea gaitu du bere web-orrian, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Bertan, edonor bilakatu daiteke txakurkume erraldoi loredunaren “mezenas”, online ekarpen bat eginez. Dohaintza modu seguru, erraz eta ludikoan egin daiteke, erosoen zaien metodoa aukeratuta —Paypal, Bizum edo kreditu-txartela—. Gainera, espiniar estatuan bizi diren dohaintza-egile guztiek egin duten dohaintza desgrabatu ahal izango dute ziurtagiri fiskalerako datuak beteta.

Crowdfunding kanpaina gaur hasiko da eta udazkena arte iraungo du. Berritze-lanak, berriz, 2021eko irailean, urrian eta azaroan egingo dira, Puppyri hurrengo lore-aldaketa egingo zaionean, landatu berri zaizkion udako loreak negualdikoek ordeztuko dituztenean.

Puppy 1997ko urriaz geroztik ari da Guggenheim Bilbao Museora ongietorria egiten, museoa inauguratu zenetik eta Bildumari gehitu zitzaionetik, hain zuzen. Eskultura publiko honek, hamabi metrotik gorako altuera duenak, West Highland terrier erraldoi bat irudikatzen du, eta erakartzeko, optimismoa pizteko eta, Jeff Koonsen hitzetan, konfiantza eta segurtasuna emateko xedez dago diseinatua. Puppy obra garaikide miretsienetakoa da, eta argazki gehien egin zaionetako bat; etorkizunean ere egun duen itxura bikain eta osasuntsu hori erakuts dezan, haren biziberritzeari ekiteko garaia iritsi da.

PUPPY BARRUTIK IKUSTEKO BIDEOA

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.