Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak bisita sustatzeko promozioak eta segurtasun-neurri bereziak eskaintzen ditu esperientzia erosoa eta babestua ziurtatzeko

Museoak berriz ere ateak zabaltzen dituen egunean, bisitariek artez betetako egun bat lasai asko gozatzeko hartu ditugun neurriak aurkeztu ditu. Bisita segurtasun osoz egin ahal izango da eta, gainera, ekainean zehar bisitan etortzen direnei abantaila bereziak eskainiko zaizkie.

Bisitariak babestuak eta eroso senti daitezen Museoak kolore berdea duten hainbat piktograma sortu ditu jarraibideak modu argi eta intuitiboan ulertu ahal izateko. Piktograma hauek webgunean nahiz Museoko gune fisikoetan daude. Neurriak eta dagozkien ikonoak bi taldetan banatzen dira: bisita aurretik kontuan hartu beharreko neurriak eta bisita egin bitartean bete beharrekoak. Aurretik kontuan hartzeko gomendioen artean hauek daude: nahi duzun denbora-tarterako sarrera online erosi, gailu mugikorrean entzuteko gida ofiziala deskargatu, eta gogoan hartu Museoan ordainketa guztiak txartelarekin egin beharko direla eta maskara derrigorrez eraman behar dela. Bestetik, bisitariei gogorarazten zaie ere, arropazaindegia itxita dagoenez, ezin direla fardel handirik ezta euritakorik sartu.

Museoan dauden bitartean bisita lasai eta osasuntsua bermatzeko, sartu aurretik tenperatura neurtuko diegu bisitariei eta hainbat arau ezarri ditugu pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Horretarako ibilbide itxia definitu da bisita egiteko. Ibilbidea hirugarren solairuan hasten da, ondoren behera jaitsi beharko da bigarren solairura eta azkenik lehenengo solairura (solairu guztiak ikusi nahi dituztenen kasuan). Aretoak ikusteko norabide bakarra egongo da; igogailu eta eskailera ezberdinak egongo dira igotzeko eta jaisteko; eta edukiera mugatu egingo da igogailuetan, atseden hartzeko bankuetan eta komunetan. Erraz betetzeko moduko neurri hauentzako argibideak Museoko ibilbide osoan zehar agertzen diren seinale horizontal eta bertikaletan daude. Seinale hauei esker bisitariak ez dira gurutzatuko eta ibilbidea trabarik gabe eta gustura egin ahal izango da, kalitatea mantenduz. Frank Gehryk diseinatutako espazioen zabaltasunari esker eta museoaren gehieneko edukiera 400 pertsonakoa izango denez, bisitari bakoitzak 20 m karratuko tartea izango du mugitzeko gutxienez. Ekaina, beraz, aukera ezin hobea da artelanak patxadan ikusteko. Ikusi neurriak zehazten dituen bideoa hemen

Bestetik, inguruko publikoa ekainean zehar Museoa bisitatzera etor daiten, bi promozio berezi proposatzen ditu Museoak. Batetik, Museoaren Lagunentzat prestatu dugun promozioa: haiek aukeratutako pertsona bat doan sartzera gonbidatu ahal izango dute ekainean zehar. Izan ere, gaur egun 20.000 Lagunetik gora osatutako kidegoaren leialtasuna eta babesa ezinbestekoa da Museoarentzat. Bestetik, oraindik Museoaren Lagunak ez direnei aukera aparta emango zaie: ekainean zehar sarrera erosten dutenei hiru hilabeteko bazkidetza doan eskaintzen zaie, uda osoan Museora nahi bestetan doan sartzeko aukera ematen diena eta Museoaren Lagun izateak dakartzan bestelako onurak ere eskaintzen dizkiena. Bi promozio hauetan parte hartzeko argibideak webgunean daude.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.