Guggenheim Bilbao Museoaren ezohiko txokoetan grabatutako lehen film laburraren aurrerapen gisa, hiri-esploratzaile bat eta free runner bat Museoaren teilatu-lau eta azaleretan barrena ibili dira, sekula hartu gabeko irudiak ateratzeko. Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Culture-n (Google-n kultura adarraren) arteko lankidetza-proiektua da, eta arkitektura-lan honen magia berriz deskubritzea du helburu, inoiz baliatu gabeko ikuspegietatik.
Film laburrak bi protagonista ditu: Trashhand, hiri-esploratzaile eta -argazkilari estatubatuarra, eta Johan, akrobazia eta atletismoa bateratzen dituen free running diziplinan mundu mailako aditua. Bien artean, Guggenheim Bilbao Museoa esploratu dute mugimendu eta eraldaketarako gune boteretsu gisa, Bilbok mundu mailan duen irudia aldatu duen eraikinaren bihotza atzemateko helburuarekin.
Film labur hori urriaren amaieran aurkeztuko dute Museoaren eta Googleren ordezkariek.