Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoa Euskaraldiari batu zaio

Guggenheim Bilbao Museoak bat egin du Euskaraldia ekimenarekin; datorren azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko da egitasmoa, eta egunerokotasunean euskarazko harreman eta elkarrizketak bultzatzea du helburu, hizkuntzaren erabilera esparruak zabaltzeko. Ekimenari ekarpena egite aldera, Museoak euskarazko gidaridun bisitaldiak ugaritu ditu, eta haren langile eta bisitariak hizkuntza horretan komunika daitezen bultzatu ditu. Zentzu horretan, Museoko langileek formazio berezia jaso dute Belarriprest / Ahobizi dinamikaren inguruan, Euskaraldiaren eskutik.

Guggenheim Bilbao Museoak sendotu egin du, hala, euskararekiko duen konpromisoa. 1997ko urrian ateak zabaltzearekin batera hartu zuen erakundeak konpromiso hori, eta urteetan zehar eman du fruitua hainbat modutan. Adibidez, ekimen eta jarduera ugari euskaraz egin dira, eta bisitariei museo-esperientzia oso-osorik euskaraz edukitzeko aukera luzatu zaie, egunero eskaintzen diren gidaridun bisitaldien bitartez, artelanak ulertzen laguntzen duten entzuteko giden bitartez, bisitaldia osatzen duten horma-testu eta Didaktikaren bitartez, nahiz urte osoan zehar egiten diren familientzako tailer eta eskolentzako bisitaldien bitartez. Halaber, Museoko informazio-mahai, txarteldegi eta dendako langileek euskarazko arreta eskaintzen diete bisitariei, horiek hala nahi izanez gero; eta erakusketa, jarduera, Museoaren Lagun, Babesle edo Prentsari dagokion informazio guztia euskaraz eskaintzen du Museoak, haren webgunean: https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Bikain ziurtagiria eskuratu zuen Guggenheim Bilbao Museoak duela bi urte, zilarrezko kategorian; ebaluatzaileek nabarmendu egin zuten Museoak arte garaikidearen inguruko euskarazko corpus zabala sortzeko egindako ahalegina, baita euskaraz bildu, sortu eta ikertzeko hartu duen lana ere, hizkuntza-ondarea zabaltzeko helburuarekin.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.