Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoa bere historiako urterik onenean

1.324.221 pertsonak bisitatu dute Museoa 2023an

Amaitu berri den urtea erabateko errekorra izan da Guggenheim Bilbao Museoarentzat, 1.324.221 bisitari hartu baititu (2022an baino 35.074 gehiago). Guztira, 1.152.072 pertsona Euskal Herritik kanpokoak ziren. Aparteko lorpena izan da kontuan hartzen badugu publiko aldetik arrakasta handikoak izandako beste urte batzuetan, esaterako, 2017an eta 2022an (hau da, Museoaren 20. eta 25. urteurrenetan, hurrenez hurren), dozenaka mila euskal herritar dohainik etorri zirela Lurraldeari irekitzen eta Denontzako BBKartea programei esker.

Datu aipagarri gisa, 2023an Museoak berreskuratu egin du pandemia aurretik zuen atzerriko bisitarien maila, eta guztizkoaren % 60 izatera iritsi da (2022an baino % 10 gehiago). Ehunekotan, publiko osoaren % 16 Frantziatik etorri da, % 7 Alemaniatik, % 6 Britainia Handitik, % 6 Estatu Batuetatik eta % 4 Italiatik. Estatuan, Euskal Autonomia Erkidegotik etorritakoak gailentzen dira, guztizkoaren % 13, eta, haien ondotik, Madrildik eta Kataluniatik etorritakoak nabarmentzen dira (% 5 eta % 5, hurrenez hurren).

2023an Museoak publikoarentzat izan duen interes-gunerik nagusietako bat programazio artistikoa izan da, zeina anbizio handikoa eta askotarikoa izan baita. Bisitarien kopuruari dagokionez, udako erakusketak izan dira nabarmenenak: Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino, Iberdrolak babestua; Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea, BBVA Fundazioak babestua, eta Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik. Bisitari ugari erakartzen ari dira, baita ere, egun ikusgai dauden erakusketak: Picasso eskultore. Materia eta gorputza (enpresa laguntzailea: Telefónica) urtarrilaren 14an amaitzen dena; Gego. Infinitua neurtzen (babeslea: Occident), otsailaren 4 arte ikusgai eta azkenik, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak (babeslea: BBK).

Eremu digitalean, guggenheim-bilbao.eus webguneak 3.218.545 bisita izan ditu guztira 2023an, 13.009.948 orrialde-ikustalditan, eta sare sozialetan ere Museoak bere komunitatea eta eragina handitzen jarraitzen du: 841.767 jarraitzaile ditu Instagramen, 385.313 Facebooken eta 369.204 X-en.

Hezkuntza-programei dagokienez, 2023an 76.406 pertsonak parte hartu dute Museoak eskaintzen dituen aurrez aurreko eta online jardueretan, eta 997.710 bisitarik erabili dituzte gune didaktikoak. Familientzako programan 7.049 pertsonak hartu dute parte, eta 12.607 helduk esku hartu dute Museoak eskainitako ikastaro, solasaldi, tailer, hitzaldi eta ikuskizun ugarietan. 2023an Wellbeing programa berritzailea jarri da martxan; artearen bidez ongizatea hobetzeko xedea duen ekimen horrek hainbat proposamen biltzen ditu, besteak beste, Begirada Barez, yoga-saioak eta hitzaldiak, eta 500 pertsonak hartu dute parte bertan.

Ikastetxeei dagokienez, 23.329 haurrek bisitatu dute Museoa, eta Hezitzaileen Community, hau da, irakasleentzako doako online komunitatea, 3.437 kide izatera iritsi da. Era berean, 2023an, Museoaren gizarte-programek 3.124 pertsonari eman die Museora etortzeko aukera; programa horien baitan, nabarmentzekoa da bisita-tailer mota berri bat jarri dela abian: zaurgarritasun-egoeran dauden edo desgaitasunen bat duten pertsonei Museoa ezagutzeko aukera ematen die, baita beren gizarteratzea eta erresilientzia sustatzen dituzten sormen-jardueretan parte hartzekoa ere.

Komunitate zabala

Museoko banako kideei dagokienez, 268.097 dira Community (Museoak artearen eta kulturaren inguruan sortutako komunitatea) osatzen duten pertsonak (aurreko urtean baino % 40 gehiago). Taldeka banakatuz gero, 23.534 Museoaren Lagunak dira (Museoa inauguratu zenetik izandako kopururik handiena da aurtengoa, eta horrek agerian uzten du kolektibo hori zenbateraino dagoen errotuta gertuko ingurunean); 244.015 Jarraitzaileak dira, hau da, Museoarekin harremana izateko doako modalitateko kideak; eta 548, aldiz, langabezian daudenei Museora doan sartzeko aukera ematen dien Erdu programaren onuradunak dira.

Bestalde, Guggenheim Bilbao Museoak 121 kide korporatiboren laguntza izan du 2023an. Funtsezko zutabea dira haiek erakundearen finantzaketan, eta Communityko kide ere badira. Museoaren programazioko hainbat erakusketak eta jarduerak enpresen babesa jaso dute. Enpresa horiek Museoarekin hartua duten konpromisoa harreman egonkor eta iraunkor baten erakusgarria da, eta haien ekarpen ekonomikoek garrantzi handia izan dute urteko aurrekontuaren finantzaketan. Izan ere, berretsi egiten da horrela erakundearen finantzaketa-ereduak ongi funtzionatzen duela.

Ekonomiaren higiarazlea

Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak bere inguruan daukan eragin ekonomikoari dagokionez, 2023ko emaitzen zenbatespenek gainditu egin dituzte aurreko urtekoak. Honako hauek izan dira:

- Museoaren jardueraren ondorioz Euskadin sortutako eskaria 762,2 milioi eurokoa izan da guztira.
- Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena 657,6 milioi eurokoa izan da.
- Kopuru horiek 103,4 milioi euroko diru-sarrera gehigarriak ekarri dizkiete Euskadiko Ogasun Publikoei.
- Museoaren jarduerak 13.855 enplegu mantentzen lagundu du.

Aurten ere, Guggenheim Bilbao Museoa Europako kultur erakundeen buru da autofinantzaketaren mailan. 2023an, hain zuzen, % 78 inguruko zifra errekorra izan du.

Bilbon, 2024ko urtarrilaren 2an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.