Prentsa oharra

Ernesto Netok Burbuila zuria (White Bubble) lana eman dio Guggenheim Bilbao Museoari

2014an Guggenheim Bilbao Museoak Ernesto Neto: naraman gorputza aurkeztu zuen, 1964an Rio de Janeiron jaiotako artistaren lanari eskainitako atzera begirakoa. Brasilgo sortzaile garrantzitsuenetakoa da Neto, eta nazioartean aski ezaguna bere eskulturei esker. Lan organikoak egiten ditu, maiz tamaina izugarri handikoak, poliamida elastikoko ehun erdi-gardenekin eratuak eta  aldizka hainbat materialekin beteak.

Hogeita bost urte baino gehiagoan Netok lanen inbentario handia bildu du, marrazkietatik hasita tamaina handiko instalazioetaraino. Zeharkatzeko, bertan bizitzeko, sentitzeko eta usaintzeko sortutako piezak dira, eta piezen eta ikusleen arteko elkarrizketa dute helburu, norberak bere gorputzarekin eta zentzumenekin esperimentatuz, aldi berean, giza gorputzaren antzera, piezak hauskorrak eta delikatuak direla ahaztu gabe.

Ernestok berak dioen moduan, bere lanen erakusketak poesiarako gune bihurtzen du museoaren espazioa: “Uneoro jasotzen dugu informazioa, baina hemen, pentsatzeari uztea nahi dut”.

1990eko hamarkadaren erdian Netok alde batera utzi zuen bere lehen lanetako lengoaia geometrikoa eta gauza berri bati ekin zion: aurretiaz jositako poliamidazko ehun-piezak hainbat materialez betetzen hasi zen, hala nola poliestirenoa, irina edo espeziak, gorputzak edo organismo bizidunak gogora ekartzen dizkiguten materialak, alegia.

Netok Museoari emandako lanak  Burbuila zuria (White Bubble, 2013/17) du izena, eta 2014ko erakusketako Gertaeren hiperostertza osatzen zuten elementuetako bat du oinarri. Netok berariaz berritxuratu zuen pieza, Frank Gehryk diseinatutako eraikinaren espazio ikonikoetara egokitzearren.

Artearen esperientzia, tradizionalki bisuala, zentzumen anitzentzako une bihurtu du artistak, eta hark sortutako unibertsoaren azalerak zeharkatu eta ikuskatu ahala, zentzumeneko une horrek sentsazio puruetara darama gure arreta. Horren bidez, lanak eta ikusleek bat egitea bilatzen du artistak, eta ikusleek esperimentatzea elkartze intimo horiek  nola bilakatzen gaituzten gu baino handiagoa den zerbait. Lanak hartzen duen espazioan zehar ibiltzen hasi orduko, bisitariak egitura gardena bere gorputzaren pisuarekin aldatzen doala nabarituko du, eta atzean uzten duen arrastoa eraldatzen joango da, ondoren etorriko diren gorputzen inpresioak eraginda.

Hala, giza gorputzaren mugen inguruko esplorazio eta hausnarketa garrantzitsua da Burbuila zuria.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.