Prentsa oharra

Ekainak 2012ko patronatoa

2013ko behin-behineko arte egitaraua: lau aldi baterako erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bi

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua bildu da gaur, lehenengoz 2012an. Bertan izan dira Patronatuaren presidente Patxi López lehendakari jauna, Bizkaiko ahaldun nagusi José Luis Bilbao jauna, Bizkaiko kultura diputatu Josune Ariztondo andrea, kultura sailburu Blanca Urgell andrea, Bilboko alkate Iñaki Azkuna jauna, New Yorkeko Guggenheim Museoaren zuzendari Richard Armstrong jauna, Bilboko Guggenheim Museoaren zuzendari Juan Ignacio Vidarte jauna eta Fundazioaren gobernu-organo gorenaren kide diren enpresen eta erakundeen ordezkariak.

Batzarrean 2011ko jarduneko kontuak onartu dira, eta Patronatuak 2013ko behin-behineko arte-egitaraua aztertu du: lau aldi baterako erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bi izango dira 2013an.

Hauek izango dira jendaurrean jarriko diren aldi baterako erakusketak:
Udaberri eta udaran zehar Artea gerran. Frantzia 1938–1947: Picassotik Dubuffetera egongo da ikusgai. Erakusketa hau Parisko Arte moderno museoarekin lankidetzan antolatu da eta Bigarren Mundu Gerraren inguruko urteetan Parisen sortzen ari zen artea ezagutzeko ibilbidea proposatzen du. Horretarako 120 artistek (besteak beste: Pablo Picasso, Henri Matisse, Pierre Bonnard, Marc Chagall, Vasily Kandinsky, Jean Fautrier, nahiz Alberto Giacometti) egindako 400 artelan baino gehiago bilduko dira.

Aipatutako horrekin batera, udaran, Barroko bizia: Cattelanetik Zurbaráneraino aurkeztuko da. Erakusketak Barrokoko egile ezagunak (Pieter Aertsen, Valentin de Boulogne edo Jacob Jordaens) gaur egungo artistekin (Nathalie Djurberg, Maurizio Cattelan eta Oscar Tuazon) aurrez-aurre jarriko ditu. Kunsthaus Zürich museoarekin batera antolatu da erakusketa eta Bice Curiger du komisario. Erakusketa honetan bizitza aztertzen da bere alderdirik jori eta alaienak kontuan hartuta baina, aldi berean, galeraren paradoxa ahaztu gabe. Barrokoa sortu zen garai asaldatuaren testuingurua aztertzen da halaber, egonkortasunik eza eta ezarritako ordena apurtzeko mugimenduak bizi zirenean.

Udazkenean Antoni Tàpies artistari eskainitako erakusketa izango da ikusgai. Hark 1960ko hamarkadatik 2002 urtera arte sortutako objektuak eta eskulturak aztertuko dira historiografia eta kronologia kontuan hartzen dituen irizpideari jarraiki. Guggenheim Bilbao Museoak duela gutxi zendutako artista kataluniarraren omenez antolatu du erakusketa, 2013 urtean zehar burutuko diren bestelako omenaldi ekimenekin bat egiteko.

Guggenheim Bilbao Museoak bere ibilbide osoan arreta berezia ipini die tokiko artistek sortutako artelan moderno eta gaur egungoei; eta honela horiek nazioartean ezagutarazten lagundu du. Izan ere, urteko azken erakusketak Euskal Autonomia Erkidegoarekin loturak dituzten artistak bilduko ditu. Ildo horri jarraiki, egun sortzen ari diren hainbat euskal artisten lanen aukeraketa aurkeztuko da.

Guggenheim Bildumak ezagutarazteko aurkezpen bi egingo dira 2013an. Lehenengoan, urtarriletik hasita, Guggenheim Bilbao Bildumako artista bik, Cy Twomblyk eta Georg Baselitzek, egindako bi serie esanguratsu sakonki aztertuko dira. Urte amaieran Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak IV zabalduko da. Aurkezpen hau Guggenheim Bilbao Bildumaren funtsen inguruan 2009 urtean hasitako erakusketa-zikloaren laugarrena dugu. Honako honetan, 1990ko hamarkadan pinturaren eta eskulturaren inguruan sortutako arte-eztabaidetan sakontzen da; besteak beste, ondorengo artisten lanak aztergaitzat hartuz: Juan Muñoz, Miquel Navarro, Cristina Iglesias, Miquel Barceló eta Susana Solano.

Bestetik, Batzorde Betearazleak eta Patronatuak datorren udazkeneko arte egitarauan aldaketa bat egitea onartu dute. Cristina García Roderoren argazki-lanei eskaini nahi zitzaion erakusketa prestatzeko proiektua hasieran uste baina zabalagoa bihurtu da eta denbora gehiago beharko da behar bezala taxutzeko. Hortaz, irailerako erakusketa hori antolatzea ezinezkoa izango denez, Bilboko Bildumaren lanen aukeraketa bat aurkeztuko da. Bizitako arkitektura izenburupean, aurkezpen honek espazioa bete eta bizitzeko moduak aztertzen ditu: bere baitan narrazio bat jasoz, aurretik ezarritako kontakizunak proposatuz, edo ikusleak sortzeke dituenak bilduz. Jarduteko modu horien adibide dira erakusketan izango diren artistak: Liam Gillick, Mona Hatoum, Pello Irazu eta Doris Salcedo.

Bileran, halaber, 15. Urteurrena ospatzeko 2012 urte osoan burutuko diren ekitaldien egitaraua gainbegiratu da. Ekitaldiok diziplina anitz hartuko dituzte: artea, musika, dantza, moda, gastronomia, arkitektura eta arte eszenikoak. Museoak jarduera lagungarrien egitaraua esparru eta gai berrietara zabaldu ahal izan du hainbat erakunde, profesional, diseinatzaile eta artistekin lotutako lankidetzei esker.

 

Irudiak:

Erakusketen irudiak eskuragarri daude honako FTP honetan:
Helbidea: ftp://62.99.77.210
Erabiltzailea: comunicacion
Pasahitza: comunica2009

FTP bezero programa bat erabiltzea gomendatzen dizugu, arazorik ez edukitzeko.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.