Prentsa oharra

EAEko sei artista gaztek aurkeztuko dituzte haien lanak Guggenheim Bilbao Museoan

Eginberri erakusketa Museoaren XX. urteurreneko ospakizunen artean dago

Xare Álvarez, María Benito, Patrik Grijalvo, Izaro Ieregi, Zaloa Ipiña, eta Carlos Martínez artista gazteek erakutsiko dituzte haien lanak apirilaren 10etik maiatzaren 7ra, talde erakusketa batean, Guggenheim Bilbao Museoko 177. aretoan. Eginberri ekimenaren epaimahaiak aukeratu ditu; 2016ko abenduan abian ipinitako eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk lagundutako ekimen horretan esku hartzeko aukera izan dute EAEko 35 urtetik beherako gazteek.

Sei proiektuok Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko artista gazteren 62 proposamenen artetik hautatu dituzte, eta ondo ematen dute aditzera gaur egun arte-diziplinen arteko aldeak lausoak direla —besteak beste pinturaren, eskulturaren, instalazioaren eta argazkigintzaren artekoak—. Artista bakoitzak 1500 euroko diru-laguntza izango du, artelanak ekoizteko eta Museoan erakusteak dakartzan gastuei aurre egiteko. Lucía Agirre Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna izango da Eginberri erakusketaren komisarioa, aukeratutako sei proiektuak ikusgai jarriko dituenarena.

Epaimahaia honakoek osatu dute: Asier Madarieta, BizkaiKOAren kudeatzailea; Eztizen Esesumaga, Rekalde Aretoko hezkuntza eta publiko arduraduna; eta Lucía Agirre eta Petra Joos, Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunak. Adierazi dutenez, aurkeztutako proposamen guztiek kalitate handia izan dute, eta hautatutakoek, gizarte-elkarrizketan sakontzeaz batera, egundo ikusi gabeko proiektu-multzo azpimarragarria eratzen dute.

Ekimen hau Guggenheim Bilbao Museoak garatu du; izan ere, XX. Urteurrena ospatzen duen urtean inguruko arte-komunitatearekin elkarlanean jardun nahi du, artistak gazteek Museoan obrak erakutsiz ikusgarritasuna irabaz dezaten eta haien lana zabal daitezen.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.