Prentsa oharra

EAEko artistek New Yorken egonaldia egiteko edizio berria martxan da

Gaur, apirilak 20, ostiralarekin, Guggenheim Bilbao eta New York Museoek martxan jarri dute Euskal Autonomia Erkidegoko bi artista New Yorkera joateko programaren laugarren edizioa; egonaldiak datorren urrian egingo dira. Izena emateko epea gaur bertan zabaldu, eta datorren maiatzaren 23a arte luzatuko da.

Proiektu horri esker, EAEko artista hasiberri bik aukera izango dute lau astez New Yorken bizitzeko, hiriko arte-giroaz blaitu eta haien xede eta gaitasunak garatzeko helburuarekin. Denbora epe horretan, hautatutako pertsonek artista, komisario eta arte-erakundeen esperientzia ezagutu ahalko dute, New Yorkeko Guggenheim Museoko profesionalen eskutik. Artista bakoitzari 2.500 dolar esleituko zaizkio, haien egonaldirako.

Artista hasiberrientzako egonaldi-programa nahiz ikasleentzako beka-programa Guggenheim Bilbao Museoak eta Solomon R. Guggenheim Foundation erakundeak 2014ko abenduan sinatu zuten Kudeaketa Akordioaren berrikuntzaren baitan jasota daude; berritze horrek bi instituzioen arteko lankidetzan sakontzen du, proiektu berrien bitartez.

Datorren maiatzaren 23 arte, interesdunek oinarriak kontsultatu eta izena eman dezakete hemen: https://www.guggenheim-bilbao.eus/empleo-y-practicas/basque-artist-program/

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.