Bikain ziurtagiria eskuratu du Guggenheim Bilbao Museoak, zilar kategorian; erakunde batek euskara maila jakin batean erabili eta kudeatzen duela bermatzen du.
Museoko euskara taldeak jasoko du saria, lehendakari Iñigo Urkulluren eskutik, hurrengo asteleheneko, abenduaren 19ko, ekitaldi ofizialean, Donostiako Kursaal jauregian 18:30ean.
Euskalit ebaluazio klubak sakonki aztertu ditu erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo eta barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa, eta ondorioz Eusko Jaurlaritzak Bikain ziurtagiria, zilar kategorian, eman dio Guggenheim Bilbao Museoari. Aztertzaileek Museoak arte garaikide gaietan euskarazko corpus zabala sortzeko egindako ahalegina azpimarratu dute txostenean; era berean, euskararen ondarea osatzeko egindako ikerketa, sortze eta biltze lana ere baloratu dituzte.
Euskararen kudeaketa funtsezko xede izan du Museoak 1997an ateak ireki zituenetik. Bikain ziurtagiria eskuratzea aurreko lan horren, azkenaldian euskara taldeak emandako bultzadaren eta Museoaren Zuzendaritzak euskararen hobekuntzaren eta langileen sentsibilizazioaren alde egindako apustuaren ondorio da.
Bilbon, 2016ko abenduaren 17an