Bere 25. urteurrenaren ospakizuna amaitzeko zorian denean, Guggenheim Bilbao Museoak 1997ko urriaren 19an ireki zenetik izan dituen bisitarietatik 25 milioigarrenari egin dio harrera.
Matarón bizi den Jordi Sanz bartzelonarra izan da Museoa 25 milioiko zifra sinbolikoa lortzera eraman duen pertsona. Hala, bidaia bat jaso du opari: lau egun New Yorken, bi lagunentzat, Iberia eta BCD Travelen lankidetzari esker.
Jordi eta bere bikotekide Marta opor egunez gozatzen ari dira Euskadin. Donostiatik iritsi berriak, Jordik bi sarrera erosi ditu Museoko txarteldegian, gaur, abenduak 20, 11:30 aldera. Oso pozik eta harrituta agertu dira 25 milioigarren bisitariak direla jakin eta Museoko Zuzendariaren zorionak jasotzean. Lehen aldia dute Guggenheim Bilbao Museoan, ”ezinbestesko bisita” eta bereziki Marta izugarri alai dago New Yorkerako bidaiarekin, ezagutzen ez duen hiria delako eta ezagutzeko gogo handia zuelako.
25 urtetan zehar —pandemia eta murrizketa aldi luze bat tarteko— jaso dituen 25 milioi bisitariek argi uzten dute Museoaren osasun ona eta erakargarritasuna, baita gertuko inguruneko, estatuko eta nazioarteko publikoaren babes iraunkorra ere.