Prentsa oharra

Basque Artist Program ekimenaren seigarren deialdia

Guggenheim Bilbao Museoak EAEKo artista gazteak New Yorken egonaldiak egiteko programarako izena emateko epea zabaldu du

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek epea zabaldu berri dute EAEko artista bik New Yorken lau asteko egonaldia egiteko programaren seigarren deialdian parte hartzeko; egonaldia aurtengo urria eta abendua bitartean gauzatuko da. Izan ere, COVID-19ak sortutako ziurtasunik gabeko egoera gorabehera, Guggenheim museoek artisten aldeko apustua egiten dute. Horregatik aurten ere bi artista hasiberriri —EAEn jaiotakoak edo hemen bizi direnak izan behar dute— New Yorken hilabete egoteko aukera emango zaie, osasun egoerak ahalbidetzen badu behintzat. Han, gertutik ezagutu ahal izango dute hiri horretako arte giroa bai eta haien gaitasunak indartu eta helburuak finkatu ere.

New Yorken egingo duten egonaldian hautatutako pertsonek hango arte-munduan murgilduta dauden artisten, arte-arduradunen eta erakundeen jardunaren berri izango dute Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik. Aste horietan han bizi ahal izateko, hautatutako pertsona bakoitzak 3.000 dolarretako diru-laguntza jasoko du.

Hautagaiek gaurtik aurrera izena emateko aukera dute Museoaren webgunean ekainaren 30a arte. Izena emateko epea amaitzerakoan, bi museoetako arte-arduradunek hautagaiek aurkeztutako agiri eta material guztiak aztertuko dituzte eta uztailaren amaieran hautatutakoen izenak ezagutaraziko dira.

Gaurdaino, hamar artistek parte hartu dute New Yorken lau astez egoteko ekimen honetan: aurreneko edizioan Carla Tobar eta Alain Urrutia izan ziren hautatuak; bigarrenean Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco; hirugarrenean Gala Knörr eta Maite Pinto; 2018ko edizioan Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi; 2019. urtean Raquel Asensi eta Jon Gorospe aukeratu zituzten.

Artista hasiberrientzako egonaldi-programa hau zein EAEko ikasleentzako bekak 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako Kudeaketa Akordioaren berritzean barne hartzen dira; berritzeak bi erakundeen arteko harremanean sakontzen du hainbat proiekturen bidez.

Esan gabe doa, COVID19 birusak mundu osoan eragindako egoeraren garapenaren arabera, datak alda litezke edo programa osoa bertan behera gera liteke. Kasuan kasu, Basque Artist Program ekimenarekin lotutako argibide guztiak webgunean eguneratuko dira.

Interesdunek oinarriak ikus ditzakete eta izena eman dezakete hemen https://www.guggenheim-bilbao.eus/empleo-y-practicas/basque-artist-program ekainaren 30a arte.

Egonaldi-programari buruzko edozein zalantza edo argibide nahi izanez gero jo helbide honetara: basqueartistprogram@guggenheim-bilbao.eus

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.