Prentsa oharra

Abian da Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoen Basque Artist Program ekimenaren edizio berria

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek abian jarri dute EAEko artistek New Yorken egonaldia egiteko programaren zazpigarren deialdia. Egonaldia azaroan gauzatuko da, eta hautagaitzak Museoaren webgunearen bitartez aurkeztu ahalko dira gaurtik hasi eta datorren uztailaren 18ra bitartean. Hurrengo fasean, aurkeztutako hautagaitza eta material guztiak aztertuko dituzte museo bietako arte-ardura taldeek.

Aurtengo edizioan bost izango dira, eta ez bi, New Yorken lau astez aritzeko aukera izango duten EAEko artista hasiberriak. Han gertutik ezagutu ahal izango dute hiriko arte-giroa, eta beren gaitasunak indartzeko eta helburuak finkatzeko aukera ere izango dute. Haiekin batera joango da 2020an aukeratutako artista ere, pandemiaren ondorioz ezin izan baitu egonaldia orain arte egin. Partaideek New Yorkeko arte-munduan murgilduta dauden artisten, arte-arduradunen eta erakundeen jardunaren berri ikasiko dute Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik. Aste horietako mantenu-gastuei aurre egin ahal izateko, hautatutako artista bakoitzak 3.000 dolarretako diru-laguntza jasoko du.

Gaurdaino hamar izan dira Basque Artist Program ekimenean parte hartu duten artista gazteak: lehenengo edizioan Karla Tobar eta Alain Urrutia izan ziren hautatuak; bigarrenean, Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco; hirugarrenean, Gala Knörr eta Maite Pinto; 2018ko edizioan, Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi; eta 2019koan, aldiz, Raquel Asensi eta Jon Gorospe.

25. urteurreneko erakusketa-proiektua

Uztailaren 8tik irailaren 6ra, bere 25. urteurrena dela eta, Guggenheim Bilbao Museoak ikusgai jarriko ditu programaren orain arteko edizioetan parte hartu duten hamar artisten artelanak. Pintura, eskultura, paper gaineko obra, argazkia, bideoa, kokapen zehatzeko instalazioa edo performancea bezalako bitartekoak baliatuz, hainbat gai jorratu dituzte artistok beren lanetan, hala nola nortasuna, historia, irudikapena eta memoria —norberarena zein kolektiboa—.

Artista hasiberrientzako egonaldi-programa hau, baita Museoak urtero EAEko ikasleentzat abian jartzen duen beka-programa ere, Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin 2014ko abenduan sinatutako Kudeaketa Akordioaren berritzearen parte dira; berritze horrek bi erakundeen arteko lankidetza sakontzen du hainbat proiekturen bidez.

Interesdunek oinarriak ikusteko eta uztailaren 18ra bitarte izena emateko aukera dute hemen: https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/enplegua-eta-praktikak/basque-artist-program

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.