Prentsa oharra

98.673 bisitari izan ditu Guggenheim Bilbao Museoak aurtengo udan

Ohiz kanpoko uda izan da 2020koa, mundu mailako pandemia dela-eta batetik bestera ibiltzeko ezarri diren mugen ondorioz. Ohiz kanpokoak izan dira ere, ondorio positiboekin horiek behintzat, Museoak bisitarien osasuna babesteko ezarritako neurriak; horien eraginkortasunari esker bisitariek artea modu seguruan gozatu ahal izan dute, gogobetetze-maila handiekin.

Ekainean zehar 8.383 bisitari etorri ziren Museora, batik bat bertakoak, aste horietan mugak itxita egon baitziren; uztailean, berriz, 37.234 hartu zituen Museoak eta 53.056 abuztuan; denetara, beraz, 98.673 pertsona etorri dira. Uztaila eta abuztuko bisitari-kopuru horiek, aurreko urtekoekin alderatuz gero, hilabete berdinetan etorritako bisitari-kopuruaren herena badira ere, Museoak positibotzat ematen ditu oraingo egoera eta testuingurua kontuan hartuz gero.

Bisitarien jatorri geografikoei erreparatuz gero, Estatutik etorritako bisitariak guztirako kopuruaren % 55 izan dira eta kanpotik etorritakoak % 45.

Atzerritarren kasuan, gehienak frantsesak izan dira, guztien % 26, eta ondotik doaz, alde handiarekin, Herbeheretatik etorritakoak (% 5), Alemaniakoak (% 3), Belgikakoak (% 2) eta Britainia Handikoak (% 2).

Penintsulako bisitarien artean azpimarratzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegotik etorritakoak (% 14), Kataluniakoak (% 12) eta Madrilgoak (% 11).

Udan bisitari gehien izan genuen eguna abuztuaren 12a (asteazkena) izan zen: 2.843 bisitari. Eguneko batez bestekoa uda honetan 1.600 bisitarikoa izan da.

Aurreko urteetako bisitari-kopuruen aldean aurtengoa txikiagoa izan bada ere, Museoak modu positiboan baloratzen ditu datuok berriro ireki genuenean egindako aurreikuspenak gainditzen direlako eta hurreratu direnen artean bisita baloratzeko orduan gogobetze-maila oso altua izan delako programazio erakargarriari eta ezarritako segurtasun-neurriei esker. Oraindik ere erakusketa hauek ikusgai daude: Olafur Eliasson. Bizitza errealean (Iberdrolaren babesari esker); Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948–1958; William Kentridge: 7 atal Film & Video aretoan eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.