Ohiz kanpoko uda izan da 2020koa, mundu mailako pandemia dela-eta batetik bestera ibiltzeko ezarri diren mugen ondorioz. Ohiz kanpokoak izan dira ere, ondorio positiboekin horiek behintzat, Museoak bisitarien osasuna babesteko ezarritako neurriak; horien eraginkortasunari esker bisitariek artea modu seguruan gozatu ahal izan dute, gogobetetze-maila handiekin.
Ekainean zehar 8.383 bisitari etorri ziren Museora, batik bat bertakoak, aste horietan mugak itxita egon baitziren; uztailean, berriz, 37.234 hartu zituen Museoak eta 53.056 abuztuan; denetara, beraz, 98.673 pertsona etorri dira. Uztaila eta abuztuko bisitari-kopuru horiek, aurreko urtekoekin alderatuz gero, hilabete berdinetan etorritako bisitari-kopuruaren herena badira ere, Museoak positibotzat ematen ditu oraingo egoera eta testuingurua kontuan hartuz gero.
Bisitarien jatorri geografikoei erreparatuz gero, Estatutik etorritako bisitariak guztirako kopuruaren % 55 izan dira eta kanpotik etorritakoak % 45.
Atzerritarren kasuan, gehienak frantsesak izan dira, guztien % 26, eta ondotik doaz, alde handiarekin, Herbeheretatik etorritakoak (% 5), Alemaniakoak (% 3), Belgikakoak (% 2) eta Britainia Handikoak (% 2).
Penintsulako bisitarien artean azpimarratzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegotik etorritakoak (% 14), Kataluniakoak (% 12) eta Madrilgoak (% 11).
Udan bisitari gehien izan genuen eguna abuztuaren 12a (asteazkena) izan zen: 2.843 bisitari. Eguneko batez bestekoa uda honetan 1.600 bisitarikoa izan da.
Aurreko urteetako bisitari-kopuruen aldean aurtengoa txikiagoa izan bada ere, Museoak modu positiboan baloratzen ditu datuok berriro ireki genuenean egindako aurreikuspenak gainditzen direlako eta hurreratu direnen artean bisita baloratzeko orduan gogobetze-maila oso altua izan delako programazio erakargarriari eta ezarritako segurtasun-neurriei esker. Oraindik ere erakusketa hauek ikusgai daude: Olafur Eliasson. Bizitza errealean (Iberdrolaren babesari esker); Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948–1958; William Kentridge: 7 atal Film & Video aretoan eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak.