Prentsa oharra

413.316 bisitari izan ditu Guggenheim Bilbao Museoak aurtengo uztailean eta abuztuan, bere historiako hirugarren udarik onenean

2019ko udan bisitari kopuru handia izan du Guggenheim Bilbao Museoak; historiako hirugarren onena izan da gai horri dagokionean. Ekainean, uztailean eta abuztuan 413.316 pertsonak ikusi dituzte Museoko erakusketak, eta azken bost urteetako goranzko joera finkatu egiten du kopuru horrek.

Hilabeteka banatuta, Museoak  100.649 bisitari izan ditu ekainean, 139.588 uztailean eta 173.079 abuztuan.

Bisitarien jatorri geografikoei erreparatuz gero, ohiko atzerritar indize handiak bere horretan jarraitzen du: guztirako kopuruaren % 77 dira kanpotik etorritakoak. Aurreko urteetan bezalaxe, gehienak frantsesak dira, guztien % 19, eta ondotik doaz Erresuma Batukoak   (% 8), Alemaniakoak (% 8), Holandakoak (% 7) eta Italiakoak (% 6).

Udan bisitari gehien izan genuen eguna abuztuaren 11 (igandea) izan zen: 7.513 bisitari. Eguneko batez bestekoa 5.049 bisitarikoa izan da.

Orotara, aurten, 2019ko abuztuaren 31 arte, 798.935 bisitari izan dira Museoan.

Udako bisitarien kopuru handiaz gain, nabarmentzekoa da publikoak jarduera berezietan izan duen parte-hartzea ere. Hala, Works & Process at the Guggenheim programaren baitan New Yorkeko Caleb Teicher & Co. dantza-konpainiak abuztuaren 21 eta 22an eskaini zituen saioetan bete egin ziren Entzungelako toki guztiak. Eta Aste Nagusian Museoak Atrioan antolatzen duen BBK Jazz Guggenheim Gauak programak 1.200 pertsona batu ditu, lau gauetan, XX. edizioa izan duen honetan.

Zalantzarik barik, aurten Museoak izan duen elementurik erakargarrienetako bat bost erakusketa bikain ikusteko aukera izan da: Jenny Holzer. Zera deskribaezina (irailaren 9a arte); Gerhard Richter: Itsas-paisaiak (irailaren 9a arte); Lucio Fontana. Atarian (irailaren 29a arte); Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak (urriaren 6a arte); eta Jesper Just: Ikuskizun izengabe hau (urriaren 20a arte Film & Video aretoan).

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.