Prentsa oharra

23.141 bisitari jaso ditu Aste Santuan Guggenheim Bilbao Museoak

Aste Santuan, ostegunetik hasi eta astelehenera, 23.141 lagunek gozatu dute Guggenheim Bilbao Museoko erakusketez; hau da, 2023an baino 42 pertsona gehiagok. Egunero jasotako bisitarien bataz bestekoa 4.628 pertsonakoa izan da, baina kopurua 5.278 pertsonara igotzen da ostegunetik igandera bitarteko bisitak bakarrik kontuan hartuz gero.

Bisitarien jatorri geografikoari erreparatuz gero, % 55 espainiar estatutik iritsi dira, eta bereziki nabarmena izan da Kataluniatik (% 12), Madrildik (% 9) eta EAEtik (% 8) etorritako lagunen kopurua. Atzerritarrei dagokienez, bisitari frantziarrak izan dira ugarienak (guztirako kopuruaren % 10), eta haien atzetik alemaniarrak (% 6), ingelesak (% 4). italiarrak (% 4), eta portugesak (% 3) izan dira gehien. Egunik jendetsuena ostirala izan da, 7.291 bisitariekin.

Urteko kopuru metatua hartuz gero erreferentzia gisa, urteko lehen hamahiru asteetan 196.853 lagunen bisita jaso du Museoak.

Bertaratu diren guztiek programazio artistiko oparoaz gozatzeko aukera izan dute, tartean aldi baterako hainbat erakusketaz, nola diren Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea [babeslea: BBK]; June Crespo. Baskularra; Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi; eta Metahaven: Kaosaren teoria bideo-instalazioa; baita BBK babesle duen Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak erakusketa iraunkorraz ere.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.