Prentsa oharra

2011ko ekainaren Patronatoa

2012ko behin-behineko arte programazioa:sei aldi baterako erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bat

Guggenheim Bilbao Museoak 3.500.000 eurotan erosi du Anish Kapoor-en Zuhaitz garaia eta begia eskultura

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua bildu da gaur, lehenengoz 2011n. Bertan izan dira Patronatuaren presidente Patxi López lehendakari jauna, Bizkaiko kultura diputatu Josune Ariztondo andrea, kultura sailburu Blanca Urgell andrea, Bilboko alkate Iñaki Azkuna jauna, New Yorkeko Guggenheim Museoaren zuzendari Richard Armstrong jauna, Bilboko Guggenheim Museoaren zuzendari Juan Ignacio Vidarte jauna eta Fundazioaren gobernu-organo gorenaren kide diren enpresen eta erakundeen ordezkariak.

Batzarrean 2010eko jarduneko kontuak onartu dira, eta 2012ko behin-behineko arte-programazioa aztertu dute. Sei aldi baterako erakusketa eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen bat izango dira 2012an.

Urte hasieran Fundación “la Caixa” eta Fundación MACBA erakundeen bildumen lan esanguratsuenak ikusgai jarriko dira. 2010ean batu ziren bi bilduma horiek, eta guztira arte garaikideko 4.450 lanek osatzen dute. Erakusketan beraz, bi erakundeon bereizgarri diren lan-motak uztartuko dira: Fundación “la Caixa”-ren 1980ko hamarkadako nazioarteko lanak, bereziki, AEBkoak eta Alemaniakoak —fundazioaren eskuratze-ildo nagusiaren adibide—, eta Fundación MACBAren Bildumaren funtsa osatzen duten ikus-entzunezkoak, oinarrian irudiz, soinuz eta argiz egindako lanak.

Udaberrian, David Hockney: ikuspegi zabalago bat erakusketa izango da, eta bertan erakutsiko dira artista britainiar horren azken sei urteetako 150 bat lan. Gehienak tamaina handikoak dira eta Yorkshire inguruko paisaia dute iturri. Horiekin batera ikusgai jarriko dira 1956 eta 2000 artean egindako lanen aukeraketa bat, agerian jartzeko artistak paisaia etengabe ikertu duela eta betidanik liluratzen duela.

Aldi bertsuan irekiko da Pierre Bonnard erakusketa. 60 bat lanek Europako artearen irudi gailen Bonnard-en mundua hurbilduko diete ikusleei. Lanok nazioarteko zenbait museok eta bildumak mailegatuko dituzte, eta agerian jarriko dute artistaren ibilbidearen nondik norakoak: hasierako lanak, XIX. mende amaierakoak, Sinbolismoaren eta Inpresionismoaren eragin pean egindakoak eta 1940ko hamarkadako azken lanak izango dira ikusgai.

Udan, Zeru eta lur artean,Cristina García Roderoren heldutasuneko lanei eskainitako erakusketa, izango da. Ehun bat argazkik jasoko dute artistaren bilakaera; argazkiok azken 20 urteetan egindituenen artean esanguratsuenak dira, eta, beraz, argi utziko dute zer-nolako estetika, gaiak eta ardura existentzialak jorratu dituen García Roderok.

Udazkenean, bi aldi baterako erakusketa gehiago izango dira: Bauhaus: bizitza da artea erakusketak aditzera emango du diziplina askoko eskola horrek artearen historiaren bidea, baita modernotasunarena ere, aldatu zuela eta ideien laborategi bat izan zela; Claes Oldenburg erakustaldia, aldiz, antologia bat izango da, eta hizpide izango ditu egungo artearen bilakaeran eragin handia izan duen artista horren 1960ko eta 1970eko hamarkadetako lanak.

Bilduma Iraunkorreko aurkezpenei dagokienez, bat izango dugu, irailean:Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak III. 2009 eta 2012 artean garatu beharrezko erakusketa-zikloaren hirugarrena izango da. Ziklo horrek gai du Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma, eta oraingo honetan 1980ko eta 1990eko hamarkadetako artean sakonduko du; garai horretan, AEBko eta Europako artistek, 1960ko hamarkadan jardunean hasitakoek, arte-eztabaida ugari izan zituzten.

Eskuratzea: Zuhaitz garaia eta begia

Patronatuaren bilera baino lehen, Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Tenedora batzartu da. Horretan onartu egin da Anish Kapoor-en Zuhaitz garaia eta begia (Tall Tree &The Eye, 2009) eskultura erostea.

Zuhaitz garaia eta begia Museoko urmael batean instalatu zen 2010ean, artista horri eskainitako atzera begirakoa zela eta. Altzairu herdoilgaitzezko 80 esferek osatzen dute; islatzaileak dira esferak, eta ausaz kokatu direla ematen du. Nolanahi ere, ez da hala, eta oreka harrigarria gordetzen dute; hiru ardatzen inguruan kokatu zituen artistak, azalera islatzaileak argi-ilun eta bolumen-espazio jokoak sor ditzan. Joko horien bidez aditzera eman nahi du ikusizko mundua ezegonkorra dela, eta denbora eta espazioa geldi eta alda daitezkeela. Era berean, Museoa (eraikina) eta ondotik igarotzen diren pertsonak artelanean islatzen dira, eta, ondorioz, leundutako forma biribiletatik mugitzen diren irudiak sortzen dituzte; gauzak eta haien itxura aldakorrak direla adierazi zuen modu horretan artistak, nonbait. Artelan handia da, konplexua —horrelako egitura bat sortzeko kalkulu matematikoak korapilatsuak dira— , baita astuna ere; alabaina, arina ematen du.

Altzairu herdoilgaitzezko lan hau 3.500.000 eurotan erosi da. Urmaelean betiko instalatuko da lana, baina horretarako Museoak eskultura urmaeletik kenduko du hurrengo hilabetetan, hari eusten dion oinarria sendotzeko. Halaber, lanak eguratsaren baldintzak behar bezala jasango dituela ziurtatzeko, artistak tratamendu bat emango dio.

Bildumara lan hau txertatzeak Europako eta AEBko artelanez gain beste lurralde batzuetakoak izatea dakar. Gainera, horrela sakondu egingo da egungo eskulturen eta ikuslearen, inguruaren eta kokagunearen artean dagoen erlazioan.

Anish Kapoor

Anish Kapoor (Bombay, 1954) Londresen bizi da eta bertan lan egiten du —han ikasi zuen—. 1980ko hamarkadaren bueltan egin zen ezagun, Ingalaterrako eskultura garaikidea berritzen ari ziren artista- talde baten kide zela. 1990ean Erresuma Batuaren ordezkari izan zen Veneziako Bienalean, eta Duemila saria jaso zuen (artista gazte onena). Hurrengo urtean izen handiko Turner saria eman zioten.

Bere belaunaldiko artista gailenetako bat bihurtu da Anish Kapoor azken 30 urteetan. Materiaren, formaren eta abstrakzioaren inguruko azterketak eta berritasunak uztartzen ditu bere artelanetan, eta formaren, espazioaren, koloreen eta materialen etengabeko ikerketa horiek egungo eskulturaren mugak zabaldu dituzte. Masaren eta hutsaren, sormenaren eta suntsipenaren, mugimenduaren eta ez-egotearen arteko aldeak agerian jartzen dituzte Kapoor-en eskulturek, instalazioek eta gune publikoetarako proiektuek, eta halaxe bihurtzen dira topagune eta ikusizko munduaren ezegonkortasunaren adierazle.

Askotariko materialak lantzen hasi zen Kapoor 1970eko hamarkadan: testura askoko materialak, material islatzaileak, pigmentu hutsa, argizari gorria, beira-zuntza eta, oraintsu, zementua. Gune publikoetan artelanak egitea haren jardunaren alderdi garrantzitsua da; izan ere, publikoak gehien txalotu dituen artelanak dira horiek. Horren adibide dira Chicago-ko Millennium Park-en dagoen Hodeietarako atea (Cloud Gate), New Yorkeko Rockefeller Center-en 2007an ipini zuen Zeruaren ispilua (Sky Mirror) eta Zuhaitz garaia eta begia; horietan hiriko eskultura erraldoiak sortzeko duen interesa nabari da. Oraindik orain, Londresko 2012ko Olinpiar Jokoetarako eskultura monumental bat egiteko hautatu dute Kapoor.

Guggenheim BilbaoMuseoaren inguruko informazio guztia eskuragarri dugu www.guggenheim- bilbao.es webgunean (prentsa-eremua).

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.