Prentsa oharra

2009eko urriak 5eko Batzorde Betearazlea

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Guggenheim Bilbao Museoak Museoaren Batzorde Betearazleari azalduko dizkiote Urdaibaiko handitzearen inguruko hasierako estudioak

Gaur goizean Guggenheim Bilbao Museoaren Batzorde Betearazlea bildu da Museoan bertan eta bilera horretan erakundearen jardunaren inguruko hainbati buruz berri eman zaio. Besteak beste, Urdaibain egingo den Guggenheim Bilbao Museoaren handitze etenaren hasierako lanen nondik norakoak azaldu zaizkio; izan ere, proiektu hori abian jarri da Bizkaiko Foru Aldundiarekin 2009ko ekainaren 11n sinatu zen hitzarmenari jarraiki.

Batzarrean beraz honakoak azaldu zaizkio: egun arte egin diren azterketak —museo berriaren kontzeptu-eredua, bisitarien gaineko galdeketak, merkatuaren ikerketa, lursailaren urbanizatzea, lursailaren geologiaren azterketaren txostena eta txosten geoteknikoa, eta arkitektoa aukeratzeko lege-ereduak—, oraindik egiten ari diren azterketak —ekonomian eragina, esaterako— eta oraindik hasi ez direnak.

Kontzeptu-eredua: museo berri horretarako proiektatzen den kontzeptu-ereduak oinarri du Bilboko museoaren errepikapena ez izatea. Hortaz, ez datza haren eraikinaren hedatze batean; aitzitik, “handitze eten” gisa taxutu da, bai eraikin fisikoari bai museoaren kontzeptuari dagokionez. Hiri ingurutik urrun, paisaia berezi batean, eraikitzekoa da eta hala, proiektu berriak garatzeko, harremanak eta elkartasunak sendotzeko eta ekimen berritzaile eta burutsuak aurrera eramateko aukera emango du. Kontzeptu-eredua zehazteko nazioarteko eta diziplina askoko aditu talde bat bildu zen eta Urdaibain honako zazpi “irudi” hauek izango zirela ondorioztatu zuen:

1. Lekua: inguru jakin baten, nortasun jakin baten, esperientzia jakin baten sortzea
2. Factorya: sortze-prozesua elementu erakargarri gisa
3. Egoitza: etengabe aldatzen den sortze-gunea
4. Laborategia: beste hainbat diziplinekin esperimentatzea eta elkarreragitea
5. Davos: adituen bilgunea jarduerak “sorrarazteko”
6. Kunsthallea: erakusketa-areto dinamikoa
7. Hodeia: museoaren jardunak kokalekutik haratago joango litezke, inguruko kultura-guneak barne hartzeko

Oro har, eredu hori museo aldakor gisa taxu liteke, baldintzen arabera “handia” edo “txikia” izan liteke, etengabe aldatuko liteke, etengabe itxuratuko liteke.

Merkatuaren ikerketa: Zenbat bisitari izango lukeen jakiteko, Guggenheim Bilbao Museoaren 2.668 bisitariei galdeketa egin zaie; hala, Urdaibaiko handitzeak izango lukeen bisitari kopurua,erabili diren koefizienteen arabera, 107.000 eta 188.000 pertsona artekoa izango litzatekeela jo da. Batez beste, urteko 148.000 bisitari egongo lirateke.

Ekonomian izango lukeen eragina: azterketa hau oraindik egiten ari diren arren —urte amaieran eguneratuko da, beste azterketen emaitzak izatean—, lan hipotesi batzuen araberako behin-behineko emaitzek aditzera ematen dute museo berriak, eraikitze aldian, 384 milioi euroko eragina izango lukeela. Horretan barne hartzen dira eragin zuzenak, zeharkakoak eta induzituak; 169,3 milioiko barne-produktu gordina sortuko luke eta ogasunak 73,3 milioiko diru-sarrera izango luke; horrez gain, 3.536 lanpostu sortuko lirateke.

Jardunak izango lukeen eraginari dagokionez, urtean 85,7 milioikoa izango litzateke eta horretan barne hartzen dira eragin zuzenak, zeharkakoak eta induzituak; 43,7 milioiko barne-produktu gordina sortuko luke eta ogasunak 19,3 milioiko diru-sarrera izango luke; horrez gain, 926 lanpostu sortuko lirateke.

Aukeratutako lursailari dagokion hirigintza eta sektorearen araudia aztertu ondoren honako hau ondorioztatu da: baldintza jakin batzuk ezartzen dituzte Arau Subsidiarioek, Erabili eta Kudeatzeari buruzko Egitamu Gidariak, Kosta Legeak eta errepideen eta trenbideen araudiak; baina, hala ere, posible da lursail horretan eraikitzea hirigintza eta ingurumen araudiak xedatzen duena gordetzen dela.

Lursailaren geologiaren txostena eta txosten geoteknikoa betetzeko oinarri izan dira materialen izaera, osaera eta loditasuna zein diren jakiteko azterketak eta horien emaitzen arabera, ez dago eraikitzea eragozten edo zailtzen duen baldintzarik.

Azkenik, etorkizunean arkitektoa aukeratzeko lege-ereduak ikertu dira.

Batzorde Betearazlea eta Patronatua abenduan bilduko dira berriro eta bertan aurkeztu eta aztertuko dira egun egiten ari diren eta etorkizunean egingo diren ikerketen emaitzak.

Bilbon, 2009ko urriaren 5an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.