Prentsa oharra

174.103 pertsonak bisitatu dute Guggenheim Bilbao Museoa uda honetan

2021eko uda ona izan da Guggenheim Bilbao Museoarentzat, uztailean eta abuztuan 174.103 bisitari izan baititu. Pandemiaren ondoriozko murrizketek batez ere atzerriko bisitariei eragin badiete ere, uda honetan erakusketez gozatu ahal izan duten pertsonen kopurua iazkoa baino ia bi aldiz handiagoa izan da, aurreko urtean 90.290 bisitari bertaratu baitziren.

Uztailean 67.490 bisitari izan zituen Museoak, eta abuztuan, 106.613. Ekaineko 28.564ak batuz gero, 202.667 bisitari izan dira guztira. 2020ko epe berean, mugikortasunaren murrizketak oso gogorrak zirenean eta txertaketa-prozesua oraindik hasi gabe zegoenean, 8.383 bisitari izan ziren ekainean, 37.234 uztailean eta 53.056 abuztuan.

Jatorri geografikoari dagokionez, estatuko publikoa guztizkoaren % 51 izan da udako hilabeteetan, eta beste herrialde batzuetatik etorritakoa % 49. Uztailean eta abuztuan, bisitari atzerritarren indizeak nabarmen gainditu du Museoak urteko lehen seihilekoan zuena: estatukoen batez bestekoa % 84 izan zen orduan (guztizkoaren % 52 EAEkoa) eta beste herrialde batzuetatik etorritakoena, aldiz, soilik % 16.

Atzerritarren kasuan, aurtengo udan ere Frantziatik etorritako bisitarien kopurua nabarmendu da, Museora etorritako pertsonen guztizkoaren % 19 izan baitira (pandemia aurreko mailetara itzuli dira) eta, ondoren, alde handiarekin, Holandatik (% 5), Alemaniatik (% 4), Italiatik (% 3) eta AEBtik (% 3) etorritakoena.

Estatuko publikoari dagokionez, Kataluniatik (% 12), EAEtik (% 8), eta Madrildik (% 8) etorri da bisitari gehien.

Uda honetan publiko gehien bildu zuen eguna abuztuaren 4a izan zen, asteazkena (4.424 bisitari), eta 2.808 pertsonakoa izan da eguneko babez bestekoa.

Museoak oso modu positiboan balioesten ditu datu horiek; izan ere, agerian uzten du estatuko zein nazioarteko publikoa gogo berrituta datorrela Museoa bisitatzera, bidaien eta edukieren murrizketak arindu ahala. Gainera, bisitaren gogobetetasun-indizea oso altua izan da, uda honetako programazio askotariko eta erakargarriari esker, kontuan hartuta oraindik ere ikusgai daudela BBKk babestutako Urte eroak: 1920ko hamarkada, Asmamenaren ildoa, Cecilia Bengolearen Ur-animazioak Film&Video aretoan, eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.