Prentsa oharra

15.Urteurreneko elastikoak

Bost diseinatzaile bizkaitar Guggenheim Bilbao Museora batu dira 15. Urteurrena ospatzeko

Guggenheim Bilbao Museoak bere 15. Urteurrena dela eta, hura ospatzeko, urte osorako askotariko jardueren egitaraua prestatu du. Hainbat eremuetakoak izango dira, hala nola, arte plastikoak, argazkigintza, musika, gastronomia, moda, diseinua eta sare sozialak; izan ere, askotariko publikoak lagundu du Museoak 15 urte bete ditzan, eta 2012ko urteurren hau partekatu nahi dugu.

Oraingo honetan bost diseinatzaile bizkaitar batu dira ospakizunetara: eraikina gaitzat hartuta elastikoak sortu dituzte. Elastiko sorta hori Museoko Denda-Liburudendan eta denda on-linean (www.tienda.guggenheim-bilbao.eus) baino ez da egongo salgai, martxoak 8tik aurrera.

Ailantok, Ion Fizek, JOTA + GEk, Mercedes de Miguelek eta Miriam Ocarizek bakoitzak bere estiloa, gaiak, koloreak eta testurak uztartu ditu Museoaren eraikina ikusteko, sentitzeko, oroitzeko eta ulertzeko moduekin elastiko banan, osotara bost.

 

Ailanto [ailanto.com]

Ailanto Aitor eta Iñaki Muñozek sortu zuten eta 1992tik Bartzelonan dute egoitza. Ailantoren unibertsoa grafikoa da, behinik behin: koloreak uztartzeko modua, formen geometria eta abangoardiako eta egungo arte-joeren erreferentziak dira nagusi. Bereziki lantzen dituzte xehetasunak eta akaberak: material nobleak (lihoa, artilea, zeta) erabiltzen dituzte industriaren zurruntasuna eta estetika ultramodernoa indargabetzeko.

Oraingo hobetan, Guggenheim Bilbao Museoaren 15. Urteurrena euren erara ospatzeko, Ailantok Museoa lorez estalita irudikatu du, Jeff Kons-en Puppy eskulturaren antzera.

 

Ion Fiz [ionfiz.com]

Bilbotar Ion Fizek 2002an sortu zuen bere moda-etxea, eta harrezkero abangoardiako arropa-bilduma eleganteak diseinatu ditu: estilo natural eta sofistikatua du, eta silueta guztiz berritzailea dute bere diseinuek. Horretarako formak deseraikitzen ditu, patroi klasikoak eta oso egituratuak erabiltzen eta bolumenen eta proportzioen oreka gordetzen.

Guggenheim Bilbao Museoaren urteurreneko elastikoan bereizgarri dituen testurak eta Museoak iradokitzen dizkionak batu ditu; emaitza eraikinaren oroigarri pertsonala da.

 

JOTA + GE [jotamasge.com]

Juana Ruizek eta Garbiñe Urdampilletak 1985ean bien inizialak batu eta JOTA + GE sortu zuten; ordutik, optimismoz beteriko diseinuak egin dituzte, akabera zaindua eta freskotasun handia dutenak. Hiriko bizimodurako egindakoak dira, eta hainbat motakoak, egungo benetako emakumearen beharretara guztiz moldagarriak.

JOTA + GE-k etxearen logoa Frank Gehry-ren estiloen antzera egin eta Richard Serraren Denboraren materia lana gogora ekartzen duen irudi bat uztartu ditu egun moda-modan dagoenhiru koloreko diseinu batean.

 

Mercedes de Miguel [mercedesdemiguel.com]

Mercedes de Miguelek bere moda-etxea sortu zuen Bilbon 1989n. Artetik edaten du maiz diseinatzaileak; hortaz, eskuz margotutakoek leku gailena dute haren bildumetan. Nortasun handiko egungo emakumearentzako arropa diseinatzen du: xehetasunez betetakoak, eleganteak eta kalitatezko oihalez egindakoak. Oihalek, metalizatuak zein naturalak (lihoa, zeta eta artilea), bolumen berezi-bereziak sortzen dituzte.

“Lerroen, pinturaren eta materiaren bakuntasuna, opakoa eta distiratsua; horiek dira diseinu honen bereizgarriak. Museoaren arimatik, haren profiletik, edan dut, edozein bidaiarik arte puskatxo bat aldean eraman dezan”. Horrela gorazarre egin dio De Miguelek Guggenehim Bilbao Museoari haren 15. Urteurrenean.

 

Miriam Ocariz [miriamocariz.com]

Miriam Ocariz-ek lehenengo bakarkako bilduma aurkeztu zuen 1996an. Arropa eta diseinua adierazpide ditu; ehunak, formak eta, maiz, marrazkiak orekatzen ditu horretarako. Askotariko iturrietatik edaten du, hala nola, arte joerak (esaterako, espresionismoa eta arte kontzeptuala) eta bizipen pertsonalak, eta hainbat teknika erabiltzen du diseinu bakoitza berezi-berezia izan dadin.

Guggenheim Bilbao Museoari egindako omenaldia Museoaren hiru osagai bereizgarri batu ditu: “titanioa eta xaflen egitura, argiaren arabera tonuz aldatzen baitira; Anish Kapoor-en eskultura, etengabeko isla-joko dinamikoak sortzen baititu; eta eraikinaren kokapena, naturarekin eta hiriarekin etengabeko harremana eratzen baitu —izan ere, inguruko mendiak babesten dute eta mendi horiexek Kapoor-en lanean islatzen dira—”.

Lankidetza berezi hau dela eta, sortzaileei eskerrak emateko, Guggenheim Bilbao Museoko jendaurreko langileek elastikoak jantziko dituzte udan zehar.

 

Informazio gehiagorako:

Guggenheim Bilbao Museoa
Komunikazio eta Marketing Arloa
Tel: +34 944359008
media@guggenheim-bilbao.eus

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.