Prentsa oharra

1.265.756 pertsonak bisitatu du Guggenheim Bilbao Museoa 2018an, haren historiako hirugarren urterik onenean

2018. urtea oso positiboa izan da Guggenheim Bilbao Museoarentzat, publikoaren aldetik jasotako babesari esker; zehazki, 1.265.756 bisitari jaso ditu, Museoaren historiako hirugarren zifrarik onenarekin. Datu hau bi urtetan baino ez da gainditu: 2017an, XX. Urteurrena ospatu zenean, eta 1998an, Museoa martxan zen lehen urtean. Zentzu horretan, Guggenheim Bilbao Museoak 2018an erakarritako bisitari-kopurua da, beste behin, erakundeak lurraldearen bultzatzaile gisa duen gaitasunaren froga.

Aurreko urteen aldean, 2018an Museoaren arte-programazioaz gozatzeko hautua egin zuten 1.265.756 pertsonak 2017an jasotako publikoa baina %4 gutxiago dira; izan ere, iaz, 113.966 bizkaitarrek baliatu zuten urrian Museoa doan bisitatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak luzatutako gonbidapena. 2016. urtearekin alderatuz gero —Museoaren historiako laugarren urte onena izan zen hori—, 2018an 96.352 bisitari gehiago izan ziren; 2015.aren aldean —bosgarren urte onena—, berriz, 2018an 162.545 bisitari gehiago hartu zituen erakundeak. Datu horiek Museoaren goranzko joera berresten dute.

Jatorri geografikoa kontutan hartuz gero, aurreko urteetan bezala mantentzen da atzerritarren portzentaje altua (bisitari osoen %71a, iaz baino %9 gehiago); gehienbat Frantziatik (%18), Britainia Handitik (%9), Alemaniatik (%6), Ameriketako Estatu Batuetatik (%6) eta Italiatik (%5) datozenak. Euskal Herritik datorren bisitarien portzentajea %9ean kokatzen da, aurreko urtean baino %11 gutxiago, hain zuzen ere lehen aipatu dugun urriko bizkaitarren etorrera hori dela-eta. Estatuko gainontzeko bisitarien portzentajea, bere aldetik, %20koa da; beti bezala, aipatzekoak dira Madril (bisitari kopuru osoaren %5) eta Bartzelonatik (%4) datozenak.

Deskargatu PDFa

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.