Prentsa oharra

1.000 lagun inguru elkartu dira gaur goizean Guggenheim Bilbao Museoan

1.000 LAGUN INGURU ELKARTU DIRA GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAN ADOSADOS-EN, MAIDER LÓPEZEN AZKEN ARTE-EKINTZAN, PARTE HARTZEKO

1.000 lagun inguru elkartu dira gaur goizean Guggenheim Bilbao Museoan bere hamargarren urteurrena ospatzeko, Maider López artista donostiarraren AdosAdos arte-ekintzan parte hartuz. Artistak emandako aginduei jarraituz, Frank Gehryren eraikinaren handiagotze “iragankorra” sortu dute, Museoari areto eta pareta berri bat gehituz.

Artistaren hitzetan, proiektu honekin “espazioa eraldatu nahi izan dut, Museoaren estetikarekin kamuflaje bat sortu, abiapuntutzat jendearen esperientzia eta eguraldia, argia eta perspektiba bezalako kanpoko beste faktore batzuk ere hartzen dituena”.

“Handiagotze” hau aurrera eraman ahal izateko, joan den irailaren 7an Guggenheim Bilbao Museoak eta Maider Lópezek Museoaren Lagunak (Estatuko erkidegorik handiena eta Europako hirugarrena, 16.000 inguru kiderekin) deitu zituzten, 1.000 partaideen kopurua lau egunetan lortuz. Arrakasta honen ondorioz, Museoak beste 200 Lagunentzako deialdia egin zuen eta kopuru hau berehala lortu zen baita ere.

Urriaren 7ko goizeko 10:00etatik aurrera, Museoaren Lagunak Guggenheim Bilbao Museora bertaratzen hasi ziren “handiagotze” berezi honetan parte hartzeko. Partaideek betirako gogoan izango dute jarduera hau artistak berak sinatutako serie honetako zenbakidun argazki bat jasoko baitute etxean oroigarri bezala.

11:15 etatik aurrera, 1.000 pertsona inguruk, artistak zuzenduta, Dortoka taktika burutu zuten, hau da, eraikina gaineztatzen duen titanio itxurako xaflak buru gainera altxa zituzten Museoa handiagotzean, areto berri bat “irudikatzeko”.

Ekintza honek ordu erdi iraun zuen gutxi gorabehera, eta Lagunek hiru minutu inguruko beste hainbeste jasoaldi egin zituzten. Honela artistak desio zuen mimesisa —Lagunena eraikinarekin— lortu zuten.

Ondoren, 900 pertsonek Museoaren zaldaina, ibai ondoan dagoena, astiro gurutzatu zuten titaniozko xafla besapean zutela, eta Louise Bourgeoisen Ama (Maman) eskulturan bira egin ondoren, abiapunturantz itzuli ziren.

Azkenik, artistak partaide guztien artetik hautatutako 60 pertsonek inguru Museoaren Fish aretoko handiagotze iragankorra burutu zuten, giza-amarru bat balitz bezala. Xaflak pankartak bailiran eutsiz, Europako zutaberik gabeko erakus-areto handienari jarraitasuna eman zion pareta bat sortu zuten: Lagunekin batera sortu eta desagertu zen horma iragankorra.

Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusiaren hitzetan, “ekintza honekin Museoaren Lagunen erkidegoari eskerrak eman nahi izan dizkiogu hamar urte hauetan emandako laguntzagatik eta erakutsitako balditzarik gabeko leialtasunagatik”.

Deialdi publiko bidez egindako bere azken arte-interbentzioetan bezala, Budapesten joan den hilean egindakoan adibidez, euskal artistak irudikatu nahi izan duena pertsonek dituzten akatsetatik sortzen den artea izan da. “AdosAdos-ek ez du perfekzioa bilatzen gizakiek osatzen dutelako. Gehryk sortutako arkitekturari jarraitasuna eman nahi izan diot, baina era iragankor eta bizi batean, akatsez betea bat-batekoa delako eta mugikortasunagatik” dio artistak.

Maider Lópezi buruz gehiago

Maider López Guggenheim Bilbao Museoarekin loturik egon da 1997ko urriaren 19an lehen aldiz ireki zenetik. Horrexegatik, bera izan da Museoak aukeratu duen artista bere Hamargarren Urteurrena Lagunekin era berezi honetan ospatzeko.

Etorkizun hurbilerako dituen proiektuen artean, Maider Lópezek bi hauek nabarmendu ditu: Arabiar Emirerri Batuetan egingo duen arte-interbentzioa eta Chacun à son goût (bakoitzaren nahiera) erakusketan —Guggenheim Bilbao Museoak urriaren 17an irekiko duena— partehartzea.

Erakusketa hau Museoak Hamargarren Urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldietako bat da, eta Museoko espazio zehatzetarako hamabi euskal artistek sortutako obrak ikusi ahal izango dira.

Bilbo, 2007ko urriaren 7an

Eman izena Guggenheim Bilbao Museoko prentsa arloan Hamargarren Urteurrenari buruzko informazio guztia jaso nahi baduzu. www.gubilbao.com/prensa/eu/prensa.asp

 

 

 

 

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.