Prentsa oharra

Urriaren 29an, Art After Dark

Anja Schneider, Lourdes Madow eta Gora Ta Gora Guggenheim Bilbao Museoan Art After Darken urriko saioan

Mobilee Records diskoetxearen sortzaile den Anja Schneider Berlingo minimalaren eta deep house-aren irudi nagusienetakoa da

Datorren ostiralean, urriaren 29an, Art After Dark gaueko egitarauaren saio berri bat izango da Guggenheim Bilbao Museoan, non artea eta estatuko eta nazioarteko DJ onenen musika uztartzen diren.

Museoa 22:00etatik goizaldeko 01:00 arte zabalik egongo da. Hala, bertaratzen direnek erakusketak bisitatu ez ezik, DJ gailenen saioekin gozatuko dute. Gainera, Museorako txartela Fever-en sartzeko beste batengatik trukatu ahal izango dute gau horretako 24:00etatik aurrera.

Lourdes Madow Fever klubeko DJ egoiliarrak emango dio hasiera saioari 22:00etan. Madowk adult pop-a aurreiritzirik gabe nahasten du askotariko musikarekin eta, hala, bere saioak etengabeko festa dira, adin guztientzako egokiak.

Gora Ta Gora, Carlos Díez eta Juanma Jiménez euskal moda diseinatzaile ezagunek osatutako bikotea jardungo da 23:00etatik aurrera. Musika ikonoklastaren aukeraketa bat era sofistikatuan eskainiko dute, estilo horri esker lortu baitute arrakasta klub onenetan, moda desfileetan eta musika independenteko jaialdietan.

Anja Schneiderrek emango dio amaiera saioari. Mobilee Records diskoetxearen sortzaile izateaz gain, DJ, ekoizle eta bidaiari amorratu ere bada. Gainera, Berlingo minimal eta deep house giroetan ezinbesteko irudia da.

Art After Dark gaueko egitarauaren bigarren saio honetara —Bilboko Fever Klubarekin lankidetzan antolatu da— hurbiltzen direnek orain gutxi inauguratu genuen Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura aldi baterako erakusketa ikusi ahal izango dute. Frankfurteko Städel Museumetik etorri diren maisulanen aukera bikain horretan 80 artista baino gehiago aurkituko dituzte, adibidez, Jan Vermeer, Rembrandt, Frans Hals, Rubens eta Brueghel leinukoak. Horrez gain, ikusgai izango da Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak Bilduma Iraunkorraren aurkezpena. Zalantzarik gabe, aukera paregabea da erakusketa horiez eta musika elektroniko onenaz gozatzeko.

Sarrerak (18 urtetik gorakoentzat): 12 publiko orokorra eta 8 Museoaren Lagunak. Ikusle kopuru mugatua. Dagoeneko salgai leihatiletan eta www.guggenheim-bibao.es webgunean. (Nahitaezkoa da Museora etortzea sarreraren truke gau horretan bertan sartzeko, Fever kluberako txartel bat eman diezazugun). 

 

Bilbon, 2010eko urriaren 22an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.