Martxoaren 17an, ostiralarekin, Guggenheim Bilbao Museoko Atrioak Art After Dark saio bat hartuko du beste behin. Pello Irazu euskal artistari eskainitako erakusketa ireki berri dela, Sascha Braemer berlindarraren musika elektronikoa, Roots Youthsen eta African Simbaren reggae eta dub doinuak eta Fever klubeko Javi Autoren nahasketak entzuteko aukera izango dugu.
Sascha Braemeren bizimodua erabat aldatu zen Niconé lagunarekin batera sortutako Caje lanak nazioartean izan zuen arrakastaren ondorioz: ordudanik hiri ugaritan eman ditu kontzertuak, Paris, New York eta São Paulon, besteak beste, eta lehen entzule gisa baino gozatzen ez zituen jaialdietan kartel-buru izaten da. Lanean diharduenean, pistako jendea liluratzea du helburu. Aipaturiko single arrakastatsuaren ondoren Romantic Thrills albuma egin zuen, hura ere Niconérekin batera. Horrez gain, bakarkako lanak ere egin ditu, Stil vor Talent etxearentzat eta bere Whatiplay diskoetxearentzat. Mundu osoko jendeak dantzatzen du “People” eta “You” kantuen erritmora, adibidez, maiz giroa Braemer berak animatzen duela, plateren atzean. Braemer heldu egin da DJ gisa, bai eta ekoizle gisa ere. Sortzen dituen abestiak bizitzen dituen musikaria da: saioetan sentimenduak adierazten ditu eta saioak emozioz edertzen ditu. No Home album berrian denetarik nahastu du: melankolia, euforia, poza, kezka, beldurra eta berotasuna.
Reggae eta dub erritmoak dakarzkigute Roots Youths-ek (DJ Kullar) eta African Simba-k, 23:00etatik aurrera. DJ Kullar roots reggae eta dub estiloetako lanen bildumagile handia da. Roots Youths Records diskoetxea sortu zuen 2005ean eta, ordudanik, dub musikari nagusien lanak argitaratzen ditu. Urte hartan hasi zen, halaber, Dublife irratsaioa zuzentzen, eta, Internet bidez zuzeneko emankizunak egin daitezkeenetik (streaming bidez) jarraitzaile ugari ditu mundu osoan.
Afrikan Simba nigeriarra Londresko eszenako beste klasiko bat da. Mikroari eusten dionean bizi-bizi aritzen da eta mundu osoko sound system eta ekoizleekin aritu da lanean, besteak beste, Jah Shaka, King Shiloh, Blackboard Jungle eta Zion Train-ekin. Bere diskoetxea ere badu: Ayamba.
Javi Francok 1990eko hamarkadaren amaieran hasi zuen sustatzaile eta DJ ibilbidea. 1998an NoData kolektiboa sortu zuen, musika elektronikoaren kultura ezagutzera emateko asmoarekin. 2005ean Fever kluba inauguratu zuen, eta ordudanik klubeko zuzendarikidea da. DJ gisa Europako hiri ugaritan aritu da diskoak jartzen: Gante, Montpellier, Viena, Rotterdam, Berlin eta Munichen, besteak beste. Gainera, Guggenheim Bilbao Museoarekin elkarlanean antolatzen duen Art After Dark proiektuaren programazio artistikoaren arduradunetako bat da 2008. urtetik. DJ gisa jendearekin bat egiteko intuizio handia du, eta saioetan nahaste fin eta dotoreak egiten ditu, musika elektronikoa eta tekno musika ezin hobeto uztartuz.
Art After Dark saiora bertaratzen direnek, 22:00etatik 01:00era, Espresionismo Abstraktua, eta martxoaren 10ean zabalduko den Pello Irazu. Panorama erakusketak ikusteko gai izango dira; halaber, Hermann eta Margrit Rupf Bilduma, eta Fiona Tan artistaren Ekialdera begira, galduta bideoinstalazioaz ere.