Prentsa oharra

Punto y Raya Jaialdia

PRENTSA OHARRA

2009ko Punto y Raya Jaialdian finalista eta irabazle izan ziren ikus-entzunezko 16 lanak ikusgai egongo dira Guggenheim Bilbao Museoan

Sarituen artean dago Chris Casady, Star Warsen lehen hiru filmen animatzailea

Bihar, martxoaren 15a, 18:45ean, Guggenheim Bilbao Museoko Zero Espazioan emango dira 2009ko Punto y Raya Jaialdian finalista eta irabazle izan ziren 16 ikus-entzunezko lanak. Lehiaketaren bigarren edizioan hainbat artista garrantzitsu izan ziren sarituak, hala nola, Chris Casady, Star Wars sagaren animatzailea eta Beastie Boys-en bideoklip baten zuzendaria.

Punto y Raya Jaialdia MAD-ek (Ana Santosek eta Nöel Palazzok) antolatu zuen eta 2008an Japoneko prentsan “munduko jaialdirik abstraktuena” zela esan zuten; jaialdiak puntuaren eta marraren sormen aukerak esploratzen ditu zientziaren, artearen eta pentsamenduaren esfera desberdinetan. Punto y Raya Jaialdiak 2007tik darama forma eta mugimendua nola sortzen diren aztertzen eta gutxieneko unitate horiek erabiltzen. Pekinen, Vancouverren, Reykjaviken eta Buenos Airesen parte hartu zutenen moduan, orain, “oinarrietara itzuli” goiburu pean, Guggenheim Bilbao Museora bertaratzen direnek forma eta mugimenduaren esentziari buruz hausnartzeko aukera izango dute.

Bi urteko ibilbidean jada, ikus-entzunezko komunitate esperimentalaren eta adituen onarpena jaso du Punto y Raya Jaialdiak. Sorkuntzaren, hedapenaren eta hartu-emanen plataforma dela, munduko 35 hiri baino gehiagotan egin izan da. Martxoaren 15etik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoari esker, Bilboko hiria Punto y Raya abangoardia jaialdia hartzen duten hirietako bat izango da.

Lekua: Guggenheim Bilbao Museoko Zero Espazioa (ikusle kopuru mugatua)

Eguna: martxoak 15, asteartea

Ordua: 18:45

Iraupena: Ordubete

Sarrerak: 4 € publiko orokorra eta 2 € Lagunak

Sarrerak salgai Museoko txarteldegian eta www.guggenheim-bilbao.eus webgunean.

Bilbon, 2011ko martxoaren14an

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.