Prentsa oharra

Pablo Palazuelo mahai ingurua

Guggenheim Bilbao Museoak mahai ingurua antolatu du Pablo Palazueloren ibilbidea eta lana aztertzeko

Guggenheim Bilbao Museoak Palazuelo. Lan-prozesua erakusketa dela-eta mahai ingurua antolatu du maiatzaren 9an Entzungelan, arratsaldeko 19:00etan. Zenbakien bigarren elkarrizketa izenburua duen mahai inguru honetan erakusketaren komisarioa den Teresa Grandasek, Ignacio Gómez de Liaño idazleak eta Pedro G. Romero artistak erakusketa hau antolatzeko prozesuan hasi zituzten hartu-eman eta elkarrizketei —ondoren katalogoan jaso zirenak— jarraipena ematen diete.

Guggenheim Bilbao Museoak bere Hamargarren Urteurrena dela-eta antolatu duen topaketa hau doakoa izango da publiko orokorrarentzat eta Pedro G. Romero artista izango du moderatzaile. Mahai-inguruan erakusketaren komisarioek, Museu d’Art Contemporani de Barcelonako (MACBA) Zuzendaria den Manuel J. Borja-Villelek eta Teresa Grandasek, erakusketa abian jartzeko egin zituzten ikerketen ondorioz Palazueloren lanaren inguruan jorratu zituzten kontzeptu berriak aztertuko dituzte.

Teresa Grandasek, artista honen lanaren alderdi formalak aztertuko ditu, esate baterako bere “geometrien” hurrenkera eta eraldaketa, edo ikusleak haren lanean duen garrantzia. Honela, Pablo Palazueloren artelanak “mutuak” direneko ideiarekin amaitu nahi du.

Bestalde, Ignacio Gómez de Liaño idazleak, —Palazueloren lanetan artea, teknologia, zientzia, positibismoa, okultismo eta abarren artean sortzen diren hartu-emanak ondo ezagutzen dituena— artistaren inspirazio-iturriei buruz duen ikuspegia azalduko du.

Palazuelo. Lan-prozesua erakusketa hau ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan eta 350 artelan inguru biltzen ditu gouacheak, marrazkiak, pinturak eta eskulturak barne hartuta. Obra horietako asko jendaurrean lehen aldiz ikusgai jarritakoak dira, artista honek bere ibilbide osoan zehar jorratu duen lan-prozesuan sakontzeko.

Eguna: Asteazkena, 2007ko maiatzaren 9a
Ordua: 19:00etan
Lekua: Museoko Entzungela
Iraupena: ordu bete
Bilbon, 2007ko maiatzaren 8an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.