Prentsa oharra

New Yorken egonaldia egiteko beken beste deialdi bat EAEko ikasleentzat

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek gaur, urriaren 28an, abian jarri dute EAEko lau ikaslerentzako New Yorken egonaldia egiteko beken bigarren deialdia. Egonaldiak 2017an egingo dira, eta izena emateko epea gaur bertan zabaldu da; azaroaren 30ean itxiko da.

Hiru hilabeteko praktikaldian datza programa. New Yorkeko Guggenheim Museoko hainbat arlotan lan egiteko aukera ematen du, bai arlo artistikoan bai museogintzan, eta graduko azken ikasturteko ikasleei, ikasle graduatu berriei zein graduondoko ikasleei zuzentzen zaie. Deialdiak bi praktikaldi barne hartzen ditu: bat udan garatzekoa eta bestea udazkenean. Horrek errazten du Museoko askotariko arloetan lan egiteko aukera eskaintzea; horien artean daude: arte-ardura arloa, garapen saila, artapen arloa, hezkuntza, erakusketen diseinua, finantzak, marketin saila, erregistroa eta argazkilaritza, besteak beste. Praktikaldian ikasleek hainbat proiektuetan parte hartuko dute, beste arlo batzuekin harremanetan egongo dira eta, esperientzia osatzeko, bisitaldiak egingo dituzte galerietara, bilduma pribatuetara, enkante-etxeetara eta hiriko beste museotara. Udako praktikaldia 2017ko ekaina eta abuztua artean izango da, eta udazkenekoa 2017ko urria eta abendua artean. Diru-laguntza 3.500 dolarretakoa izango da.

Interesdunek oinarriak ikus ditzakete eta izena eman dezakete hemen https://www.guggenheim-bilbao.es/empleo-y-practicas/basque-internships/. Horrez gain, azaroaren 8an (asteartea), 18:00etan, aurkezpen bat izango da Guggenheim Bilbao Museoko Zero Espazioan, zalantzak argitzeko eta gainerako informazioa emateko.

Ekimen hau EAEko artista hasiberrientzako 2017ko egonaldi-programak osatuko du; egonaldi horiek ere New Yorken egingo dira.

Ikasleentzako zein artista hasiberrientzako bekak 2014ko abenduan Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako Kudeaketa Akordioaren berritzean barne hartzen dira; berritzeak bi erakundeen arteko harremanean sakonduko du hainbat proiekturen bidez.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.