Prentsa oharra

Museo ideal batentzako proposamena

Guggenheim Bilbao Museoak museo ideal baten proposamenak bidaltzeko gonbidapena egiten du

Bidalitako proposamenetatik batzuk hautatu eta Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut atzera begirakoarenGuztia da museo bat atalean, Cai Guo-Qiang komisario duena, sartuko dira

Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut erakusketa (ikusgai 2009ko irailaren 6 arte) dela-eta, Guggenheim Bilbao Museoak bisitariak eta, orokorrean, herritarrak gonbidatzen ditu “museo bat zernolakoa izan behar duen” azal dezaten. Horretarako euren ideiak eta proposamenak hainbat euskarritan gauzatu ditzakete eta hala, horietatik batzuk aukeratu eta Guztia da museo bat atalean ikusgai jarriko dira aldi batez. Atal hori erakusketaren parte da eta artistak berak jardun du horren komisario gisa.

Cai Guo-Qiangen hitzetan “guztiak gara artista eta guztia da museo bat” eta ildo horretatik hainbat proiektu aurrera eramaten ditu beste artista batzurekin edo komunitaterekin lankidetzan; proiektuon funtsa lankidetza horixe denez, “gizarte-proiektu” izena eman die.

Gizarte-proiektu horien barruan, 2000. urtean sail bat hasi zuen Caik, kokapen zehatzeko arte garaikideko museo sail bat, izan ere; MoCA izena hartzen du museotako bakoitzak eta sailak Guztia da museo bat izena du. Proiektu horietan, jatorrian artearekin lotura ez duten guneak —buker militarrak eta labe zaharrak, esaterako— hartu eta arte garaikidearen erakustoki bihurtzen ditu. MoCA horien bidez antzeman daiteke Caik inguru ezegonkorretan duen interesa. Egun arte hiru MoCA sortu ditu artea erakusteko gune ezohikoetan: Japonian, Italian eta Kinmen uhartean (Taiwan). Laugarren bat Txinan sortzeko proiektua du.

Bilbon Guztia da museo bat saila aurkezteko museo horien gaineko zenbait dokumentu hautatu du artistak, bai eta hainbatek egindako ekarpenak ere, hala nola: Norman Foster arkitektua, Jennifer Wen Ma eta Kiki Smith artistak, Tan Dun musikagilea eta Thomas Krens. Egun Solomon R. Guggenheim Foundation-aren Nazioarteko Proiektuetarako Kontseilari Nagusia den Thomas Krensen ekarpenak, zehazki, mundu osoko Guggenheim museoen egoitzetarako egin ziren diseinu-proposamenak — burututakoak zein ez burututakoak— dira, fundazioaren zuzendari izan zen aldian egin zirenak.

Caik hiri batean haren artelanak aurkezten dituen bakoitzean, hiri horren historiarekin eta bertako gizartearekin harremanetan jarri nahi ditu, erakusketa bera lan elkarreragilea, aldi baterakoa eta kokapen zehatzekoa izan dadin.

Horretarako Guztia da museo bat atalean esku-hartzea eta elkarekintza bultzatzeko helburuz, Guggenheim Bilbao Museoak interesa duen edozein gonbidatzen du atal horretan parte hartzera; horretarako norberaren museo baten gaineko kontzeptua jasotzen duten ideak eta proposamenak bidali behar dira. Bidalitakoen artean aldiro-aldiro batzuk autatuko dira eta proposamen gehiago heldu ahala erakusketaren atal horri gehituko zaizkio.

Partehartzaileek museo bat jartzeko gune edo egitura erreal edo irudizko bat sortu behar dute, bereziki interesgarria dena. Marrazki bidez edo maketa batean jaso eta horrekin batera museo horretan jarriko liratekeen erakusketen deskribapena, baita bisitariek izango lituzketen sentipenena ere, egin behar dute. Proiektu horiek astelehenero, ekainaren 29 arte, eman ahal izango dira Museoan, 10:00etatik 18:00etara bitartean.“Erakusketa honen komisario naizen aldetik, bide berriak aurkitzeko eta agertzeko gonbidapen ireki gisa antolatu dut. Helburuak dira: egungo museo-sistema zalantzan jartzea, rolen artean eta diziplinen artean ezarritako mugak lausotzea, eta lehen artea sortzeko eta balioesteko leku onartezintzat genituenak errazago onartzea” dio Cai Guo Qiangek Guztia da museo bat atalaean, hari eskainitako Bilboko atzera begirakoan.

Bilbon, 2009ko martxoaren 24an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.