MOTION GRAPHICS EGITARAUAREN ESTREINUA GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAN
Hexstatik eta Tomato nazioarteko taldeek eta NoData Bilboko taldeak bihar gauean izango den Motion Graphics egitarau bereziaren inaugurazioan parte hartuko dute. Egitarau hau Irudiak mugimenduan. Guggenheim Museoetako Bildumako gaur egungo argazkiak eta bideoak Bilduma Iraunkorraren aurkezpenaren testuinguruan diseinatu du Guggenheim Bilbao Museoak.
Bihartik hasita, 2003ko urriaren 31tik, eta 2004ko maiatzaren 15era arte Museoak ateak gauez ere irekiko ditu —hilabeteko azken ostiraletan gaueko 22:00etatik goizeko 1:00ak arte— BBKren babes eta Bilbao Gaua eta EITBren laguntzarekin. Bertara hurbiltzen direnek erakusketa ikusi, nahiz tailerretan eta nazioarteko taldeen emanaldietan parte hartu ahal izango dute. Jarduera hauetan landuko diren gaiak honakoak izango dira: mugimenduzko irudi grafikoaren programazioa, binilo gaineko scratching a, bideoDJ, musika elektroniko eta bisualen bat egitea, eta abar.
Hexstatik bideo-irudietan oinarrituta musika sortzen duen musika-talde bakarra da. Tomatoren sortzaileek beste hainbat jardueren artean, diskoen azaletako irudi grafikoak, bideoklipak eta Trainspotting eta The Beach -en mailako filmeentzako zinemako kredituak diseinatu dituzte. Azkenik, NoData bilbotarrek parte hartzen duten ikusleei, bai binilo euskarrian, bai compact disc-etan musika nahasteko moduak ezagutzera emango dizkiete.
* Interesatuta dauden hedabideak bihar, urriaren 31n, gaueko 22:00etan Museoaren ate nagusian akreditatu daitezke