Prentsa oharra

Martxoak 18an Art After Dark

Kenny Larkin, Detroiteko tekno giroko irudi gailenetakoa, Guggenheim Bilbao Museoan martxoko Art After Dark egitarauan 

Street Sound aldizkariak haren Azimuth diskoa historiako hogei tekno disko onenen artean kokatu zuen

Kenny Larkin ekoizle eta DJ estatubatuarra izango da izar nagusia martxoaren 18an Guggenheim Bilbao Museoan egingo den Art After Dark egitarauaren saio berrian. Hogei urteko ibilbidean urrunera iritsi da eta hainbatetan aitortu dute haren lana; izan ere, Street Sound aldizkariak haren Azimuth diskoa historiako hogei tekno disko onenen artean kokatu du. Gauerditik aurrera, AEBko artistak, Derrick May, Carl Craig eta Kevin Saunderson artistekin batera Detroiteko tekno giroko irudi garrantzitsuenetakoa denak, haren lan ospetsuenak eskainiko ditu.

Dena den, 22:00etan hasiko dira musika saioak Guggenheim Bilbao Museoan Fran Leivaren (Bomb Bass HiFi izenaz ere ezagun da) eskutik. Fever klubeko Black aretoaren DJ egoiliar horrek hamar urte baino gehiago eman ditu reggae onena ezagutzera ematen. Horretan dabil hark, Ambassah bazkidearekin batera, sortu zuen Crucial Ruler diskoetxean, Ghetto Blaster haren irratsaioan eta Bomb Bass HiFi haren sound system-ean. Museoan 1970eko hamarkadatik egundaino egin den dub ortodoxoena eskainiko du.

Bilboko Fever klubarekin lankidetzan antolatutako Art After Dark gaueko egitarauaren saio berri honek aurreko ekitaldietan izandako arrakasta errepikatzea du helburu. Oraingoan bertaratzen direnek Museoko erakusketak ikusteko aukera izango dute, 22:00etatik 01:00etara, estatuko eta nazioarteko DJ onenen musika entzuten duten bitartean. Era berean, Museorako sarreraren truke Fever kluberako doako txartel bat emango diegu gau horretan bertan 00:00tik aurrera erabil dezaten.

Sarrerak (18 urtetik gorakoentzat): 12 € publiko orokorra eta 8 € Museoaren Lagunak. Ikusle kopuru mugatua. Dagoeneko salgai Museoko txarteldegian eta www.guggenheim-bibao.es webgunean. (Nahitaezkoa da Museotik igarotzea gau horretarako Fever aretora sartzeko txartela lortzeko).

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.