Prentsa oharra

Marc Houle, Mimoloco eta Christina Rosenvinge 2016ko azken Art After Dark saioan

Abenduaren 16an, ostiralarekin, urteko azken Art After Dark saioa izango da Guggenheim Bilbao Museoan: Marc Houle “Live”, Mimoloco eta Christina Rosenvinge izango dira.

Marc Houle Kanadan hazi zen, eta 1990eko hamarkadaren erdialdeko Detroit izan zuen musika-erreferente gisa. Bere lanak Chicagoren eta Detroiten eragina jaso du, eta musika hiritarra egiten du, joera berrietan inspiratuta. Generoen arteko nahasketa nagusi da beti diferenteak diren bere zuzeneko emanaldietan. Houlek bide luzea egin du, 1997. urtean Detroit 13 Below-ko klubean (Richie Hawtin-ena) egoiliar zenetik Minus ospetsuarekin bat egitera gonbidatu zuten arte. Magda eta Troy Pierce-kin batera, Items & Things bere disko-etxea zuzentzen hasi da berriro, Minuseko ekoizpenekin paraleloan, berak nahi duena adierazteko modu bat edukitzeko. Items & Thing, bere lanak argitaratzen dituen etxea izateaz gain, Houleren zaletasun eklektikoak (disko-teknoa, esperimentala eta teknoa) biltzen ditu, eta bere bidaietan egiten dituen musika-aurkikuntzetarako erakusleiho gisa balio du. Marc Houlek zuzeneko emanaldia eskainiko du Guggenheim Bilbao Museoaren Atrioan.

23:00etatik aurrera Mimoloco arituko da. Museoko ikuskizunak aprobetxatzen saiatzen da bere aurpegi sofistikatuena eta esperimentalena erakusteko, baina bere ohiko eklektizismoa alde batera utzi gabe. Horretarako, musika-estilo diferenteetara jotzen du: downtempo, future bass, deep house, glitch hop edo chill trap.

Gauari hasiera emango dio Christina Rosenvingek. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin, eta Sonic Youth-en pedigridun rock-ean oinarritutako edo folk konfesionalean sakondutako kantutegiarekin, Rosenvinge nerabezaroko pop-etik bizirik atera eta pop independentearen –desilusioak eta heldutasunak markatutako egile-kantua– ikono bihurtu den artista espainiar bakarra dela esan daiteke. Orain, Lo nuestro lana argitaratu du. Berak, duela hilabete batzuk iragarri zuen bezala, disko honetan “elektronika gehiago eta soinu psikodelikoago bat dago”. Bertan, “La tejedora” izenburua daraman kanta sartu du. Kanta hau Louise Bourgeois-en Ama eskulturan inspiratua dago. Eskultura Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren piezatako bat da eta Museoaren ondoko urmaelaren alboan kokatua dago. Kasu honetan, Christina Rosenvinge Emilio Saiz gitarristarekin batera agertuko da Museoko Atrioan.

Art After Dark saiora bertaratzen direnek, 22:00etatik 01:00era, zabaldu berria den Hermann eta Margrit Rupf-en Bilduma, eta Francis Bacon: Picassotik Velazquez era erakusketez gozatzeko aukera izango dute; baita Sam Taylor-Johnson artista britainiarraren Hasperena (Sigh) bideoinstalazioaz ere.

Bilbo, 2016ko azaroaren 25n

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.