Joan Roca, Gironan dagoen El Celler de Can Roca jatetxeko sukaldari-burua, Guggenheim Bilbao Museoan arituko da maiatzaren 23an. Hitzaldian,bere sukaldaritza-estilo libreari buruz arituko da, sormenaren abangoardiarekin lotura estua duena akademizismoari uko egin gabe.
El Celler de Can Roca The World’s 50 Best Restaurants zerrendaren barruan hirugarren sailkatuta dago eta Joan Roca bera Gastronominako Sari Nazionala eta Gironako Unibertsitateko honoris causa doktorea da. Hitzaldian belaunaldi ezberdinetan zehar sukaldaritzan aritutako familiaren ibilbidea nahiz bilakaera horretan bizitako abangoardiako mugarri berritzaileak azalduko ditu. Horrez gain, lantaldean berrikuntzak giroa sortzeko eta kudeaketa emozionala bideratzeko irtenbideei buruz arituko da.
Hori izango da Sormena Gastronomian zikloko bigarren saioa: Guggenheim Bilbao Museoan izango du lekua 2017. urtean zehar, eta nazioarteko sukaldari ospetsuak izango dira bertan; horiek beren ezagutza, esperientzia eta sukaldaritza jorratzeko duten modua partekatuko dute entzuleekin. Hitzaldi-zikloa, halaber, TopARTE programaren baitan dago; azken hori Museoaren XX. Urteurrena dela-eta sortu da, eta Museoaren espazioak diziplina guztietako kultura eragile eta erakundeei zabaltzeko asmoa du: musika, zinema, bideoa, dantza, antzerkia edo gastronomiari, alegia.
Hitzaldia eman eta hurrengo egunean, maiatzaren 24an, Joan Rocak “Ongi etorri. Cenas a cuatro manos” deitutako ekimenean parte hartuko du Josean Alija Guggenheim Bilbaoko Nerua jatetxeko sukaldari-buruarekin.
Eguna eta ordua: maiatzak 23, 18:30ean.
Lekua: Museoko Entzungela
Sarrera doan: Ezinbesteko da sarrerak aurretiaz hartzea, txarteldegian edo Museoaren webgunean