Prentsa oharra

Inauteri jaialdia

Guggenheim Bilbao Museoak 1920ko Hamarkada Zoriontsua berpiztuko du Inauteri Jaialdi berezi batean

Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian,1918–-1936 erakusketa ikusgai dagoela, Museoak Inauteri Jaialdi berezia antolatuko du; musika zuzenean izango du eta bertaratzen direnentzako sari interesgarriak egongo dira

Hurrengo ostiralean, martxoaren 4an, lehen aldiz izango da Inauteri Jaialdi berezi bat Guggenheim Bilbao Museoan: 1920ko Hamarkada Zoriontsua izango du gai, Bilboko inauteri-tradizioari jarraiki. Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–-1936 erakusketa dela eta, Museoaren Atrioa dantzaleku dibertigarri bihurtuko da. Bertaratzen direnek ekitaldi paregabe batez gozatzeko aukera izango dute. Jaialdia hauen laguntzarekin antolatu da: Seguros Bilbao, Viajes Aguirre, Iberia, Absolut Vodka, Cadena Ser, Barullo eta Transhoteles.

22:30etik aurrera, The Groovies taldeak zuzeneko musika-emanaldi bat eskainiko du maskaren eta mozorroen gau zoragarri batean. Jaialdiak Peggy Guggenheimek, Josephine Bakerrek, Coco Chanelek, George Balanchinek, Ernest Hemingwayk eta Pablo Picassok ezagutu zuten Paris berpiztu nahi du. Izan ere, “argien hiria” Lehen Mundu Gerraren ostean esnatu zen eta artista bohemioak erakarri zituen Montmartre eta Montparnasse auzoetako kafetegietara.

Ostiralean Inauteri Jaialdira datozenek bidaia baten eta beste sari interesgarrien zozketan parte hartu ahal izango dute. Gainera, Museoko aretoak irekita egongo dira etortzen direnek inauguratu berri den Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936 ikus dezaten. Era berean, ikusgai izango dira Haunted: egungo argazkigintza-bideoa-performancea eta Museoaren Bildumako lanez soilik osatutako lehen erakusketa: Guggenheim Bilbao Museoaren aukeraketak.

Bilbon, 2011ko otsailaren 24an

Guggenheim Bilbao Museoari buruzko informazio guztia hemen: www.guggenheim-bilbao.eus (prensa-eremua).

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.