Arte kritikaria eta erakusketen komisario ospetsua den Giovanni Carandente Alexander Calder: gizona eta artista izenburua duen hitzaldia eskainiko du bihar Guggenheim Bilbao Museoan.
Giovanni Carandentek, besteak beste, ondorengo karguak bete izan ditu: Erroma eta Veneziako Arte Ederretako Superintendentea, Kultur Ondasunen Ministeritzako Ikuskatzaile Nagusia, eta 1988. eta 1992. urteen artean Veneziako Bienaleko Zuzendaria izan zen. Horrez gain, kritikari italiarrak 200 argitalpenetan parte hartu du eta 150 artikulu baino gehiago idatzi ditu mundu osoko egunkari eta aldizkarietan. Gainera artista gailenen lagun mina izan da, hala nola Pollock, Kandinsky, Mondrian, Modigliani edo Calder-ena.
Izan ere, Calder da bihar emango duen hitzaldiaren gaia. Hitzaldia BBVAk babesten du, bihar Guggenheim Bilbao Museoan inauguratzen den Calder: grabitatea eta grazia erakusketa bezala.
Giovanni Carandenteren hitzaldia bihar, asteartean, 19:30ean hasiko da Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan eta dohainikako txartelak Museoaren Lagunen leihatilan eskura daitezke.