Helena Goñi eta Nora Aurrekoetxea izango dira Solomon R. Guggenheim Museum-ek artista gazteentzat duen egonaldi-programaren laugarren edizioan parte hartzeko hautatutako artista hasiberriak. Urrian gauzatuko den programaren baitan, bi artista gazteek aukera izango dute haien ibilbide profesionalean aurrera egiteko, hiriko arte-giroa sakonetik aztertzeko eta artista, komisario eta arte-erakunde desberdinak ezagutzeko, Solomon R. Guggenheim Museumeko profesionalen eskutik betiere.
Ekimen hau arrakastaz gauzatu da aurreko hiru edizioetan, eta 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako kudeaketa akordioaren berritzearen baitan sartzen da. Akordio horren arabera, bi erakundeek haien arteko lankidetzan askotariko proiektuen bidez sakonduko dute; egitasmo horien artean nabarmentzen da, hain zuzen, artista hasiberrientzako programa hau, baita Museoak udazkenero New Yorkera joateko deitzen duen beka-programa ere, EAEko graduatuei zuzendua.
Hautatutakoen profil laburra
Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989) Londres eta Bilbo artean bizi da eta bi hirien artean lan egiten du, eta 2017tik eskulturako graduondokoa egiten dihardu Londresko Royal College of Art-en. Azken zortzi urteetan hainbat arte-egitasmo garatu ditu, eta, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikoko Beka eta BilbaoArteren Espazioa Beka jaso ditu; azken laguntza horren fruitua izan zen Katalepsis erakusketa. Horrez gain, OKELA Sormen Lantegiaren kide sortzaileetako bat da; bertan, komisariotza eta kultur kudeaketako proiektuak egiten ditu bere kideekin batera.
Helena Goñi (Bilbo, 1990) Getxon eta Bilbon bizi eta bertan lan egiten du. Arte Ederretako Gradua egin zuen UPV/EHUn, eta argazkigintzako graduondokoa egin zuen Londresen, Central Saint Martins, University of the Arts-en. 2015ean Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusizko Artearen Beka jaso zuen, eta Ertibil, BAFFEST eta GetxoArte sariak eskuratu ditu. 2017an, Bilboko Rekalde Aretoaren Barriek programaren barruan, Tell me how close we are to a riot erakusketa aurkeztu zuen. Bere obrak Artium-Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren edo Bilboko Argazki Garaikideko Zentroaren bildumetan daude.
Bestalde, aipatzekoak dira aurreko edizioetan hautatuak izan zirenak: Carla Tobar eta Alain Urrutia 2015ean, Diego Vivanco eta Cristian Villavicencio 2016an, eta Gala Knörr eta Maite Pinto 2017an.