Prentsa oharra

Guggenheim Zinemart: Don Siegel

Cinemart Guggenheim: Don Siegel Guggenheim Bilbao Museoan irailaren 22an eta 23an

Donostia Zinemaldiak aurtengo 58. edizioan Don Siegel zinemagile estatubatuarrari
eskaintzen dion atzera begirako klasikoko lau film emango dira

Irailaren 22an eta 23an Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan antolatutako Cinemart Guggenheim: Don Siegel lau filmen aukeraketa eskainiko da Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan. Izan ere, jaialdiak jaso nahi izan du Siegelek generoen zineman hogeita hamar urtez izan zuen eragina, haren ikuspuntu inkonformista eta berritzailea zela eta.

Zinemaldia hainbat zuzendariren lana omentzen hasi zen iaz; horiek, Richard Brooks artean, 1940ko hamarkadaren amaieratik 1960ko hamarkadaren hasiera arte Hollywood-en klasizismoaren konbentzioak errotik hausten saiatu ziren. Omenaldi horiei jarraiki, Don Siegel zuzendari estatubatuarraren lana berrikusten da jaialdiaren 2010eko edizio honetan, belaunaldi hartako kide izan baitzen. Sam Fuller-en, Robert Aldrich-en eta Richard Fleischer-en adiskide, Siegel ezagun izan zen Clint Eastwood aktorearekin izan zuen harreman emankorrarengatik; izan ere, bost filmetan zuzendu zuen, horien artean direla The Beguiled (Liluratua, 1971), Harry zikina (1971) eta Alkatrazko ihesa (1979).

Siegelen lanean honako gaiak uztartzen dira: thrilleraren eta westernaren alderdirik onenak; B saila; zientzia fikzioa parabola politiko gisa (Gorputz lapurren inbasioa, 1956, filme bikaina, adibidez); telebistarako egin zuen lan azkarra eta trebea [The Twilight Zone (Errealitatearen mugetan) sailerako bi atal filmatu zituen]; egun oso eragiten duen 1970eko hamarkadako polizia-zinemaren berrikuntza, eta irrikatutako independentzia —azken filmetan batez ere—.

Horrez gain, Cinemart Guggenheim: Don Siegel jardueran zinema munduko bi parte-hartzaile berezi izango ditugu. Alde batetik, irailaren 22an, asteazkena, Anney Wamsat-ek, zinemagilaren alabak, aurkeztuko ditu The Beguiled (Liluratua, 1971) eta Alkatrazko ihesa (1979), Clint Eastwood-en aktore-ibilbidea bultzatu zuten eta zuzendari gisa eragin zioten bi film. Bestalde, ostegunean, Quim Casas-ek, Zinemaldiaren hautespen-batzordeko kideak eta Don Siegelen inguruko zikloaren koordinatzaileak, aurkeztuko ditu Gorputz lapurren inbasioa (1956) eta The Killers (Hiltzaileak, 1964).

Noiz: irailaren 22an eta 23an

Non: Museoko Entzungelan

Sarrerak leihatiletan eta Museoaren webgunean (www.guggenheim-bilbao.eus) eskura daitezke irailaren 7tik aurrera. Prezioa film bakoitzeko: 3 publiko orokorra, 1,5 Museoaren Lagunak. Hitzaldietarako sarrera doakoa da. Argibideak: asteartetik igandera, 10:00–20:00, 944 35 90 80 telefonoan.

Bilbon, 2010eko irailaren 17an

 

 

CINEMART GUGGENHEIM: DON SIEGEL

Jatorrizko bertsioak gaztelaniazko azpitituluekin

Irailak 22, asteazkena

16:30: The Beguiled  (Liluratua, 1971. Iraupena: 109 min.)

Zuzendaria: Don Siegel

Antzezleak: Clint Eastwood, Geraldine Page, Elizabeth Hartman, Jo Ann Harris, Darleen Carr

Ekoizpena: Don Siegel–Malpaso Company / Universal Pictures / Jennings Lang

Gidoia: John B. Sherry eta Grimes Grice, Claude Traverse

Musika: Lalo Schifrin

Argazkia: Bruce Surtees

 

Laburpena: Siegelen proposamen pertsonalenetako eta, merkatuari begira, arriskutsuenetako honetan, ezinbestekoak izan ziren Eastwood-ek aktore eta ekoizpen-kide gisa egin zituen lanak. Ohiz kanpoko kontakizuna da —iparraldeko soldadu zauritu batek babesa eta beste zerbait aurkitzen du hegoaldeko neskatilen barnetegi batean—, indarkeria erakutsi baino iradoki egiten duena. Filma itogarria da eta Siegelen ustez, beti izan zen bere lorpen nagusienetako bat.

 

18:30: Solasaldia Anney Wamsat-ekin (zinemagilearen alaba). Doako sarrera.

 

19:15: Escape from Alcatraz (Alkatrazko ihesa, 1979. Iraupena: 112 min.)

Zuzendaria: Don Siegel

Antzezleak: Clint Eastwood, Patrick MacGoohan, Roberts Blossom, Jack Thibeau, Fred Ward

Laburpena: J. Campbell Bruce-n Escape from Alcatraz: Farewell to the Rock eleberria du oinarri

Ekoizpena: Don Siegel–Malpaso Company / Paramount Pictures

Gidoia: Richard Tuggle

Musika: Jerry Fielding

Argazkia: Bruce Surtees

Laburpena: Siegelek Eastwood-ekin egin zuen azken lana. Gidoia Richard Tuggle-rena da eta honek handik gutxira Tightrope (Kili-kolo) filmean zuzendu zuen aktore bera. Eastwood Alcatraz espetxean sartu berri duten gaizkile bat da. Inork espetxetik alde egin ez duela diotenen, mehatxuei entzungor egin eta protagonistak ihes egiteko plana antolatuko du beste preso batzuekin. Kartzela- eta ihesaldi-zinemaren adibide bikaina da.

 

Irailak 23, asteazkena

16:30: Invasion of the Body Snatchers (Gorputz lapurren inbasioa, 1956. Iraupena: 80 min.)

Zuzendaria: Don Siegel

Antzezleak: Kevin McCarthy, Dana Wynter, Larry Gates, King Donovan, Carolyn Jones

Ekoizpena: Walter Wanger–Walter Wanger Pictures, Inc

Gidoia: Daniel Mainwaring eta Richard Collins

Musika: Carmen Dragon

Argazkia: Ellsworth Fredericks

Laburpena: Siegelen film garrantzitsuenetako bat, baita 1950eko hamarkadako zinema fantastikoarena ere. Izan ere, garai hartan genero hori gizartearen parabola bihurtu zen nahiko modu zuhurrean erakusten baitzituen Gerra Hotzak, antikomunismoak eta esperimentu nuklearrek piztutako gatazkak. Gizon batek aurre egiten dio kanpotik datorren mehatxuari: beste mundu batzuetako izakiak pixkanaka gizakien kontzientziaren jabe egiten ari dira.

 

18:00: Solasaldia Quim Casas-ekin (Zinemaldiaren hautespen-batzordeko kidea eta Don Siegelen inguruko zikloaren koordinatzailea). Doako sarrera.

 

19:15: The Killers (Hiltzaileak. 1964. Iraupena: 95 min.)

Zuzendaria: Don Siegel

Antzezleak: Lee Marvin, Angie Dickinson, John Cassavetes, Clu Gulager, Ronald Reagan

Ekoizpena: Don Siegel–Revue Productions

Gidoia: Gene L. Coon

Musika: Johnny Williams eta Fred Steiner

Argazkia: Richard L. Rawlings

Laburpena: The Gun Runners (Kontrabandoko balak) lanean bezalaxe, Siegel Hemingway-ren eleberri batean oinarritu zen —lehenago Robert Siodmak zuzendariak Hiltzaileak filmerako ere moldatu zuen—, film hau egiteko. Hasieran telebistan emateko egin zuen, baina gehiegizko indarkeriagatik debekatu egin zuten hedabide horretan eta zuzenean zineman eman zen. Lee Marvin eta Clu Gulager bi hiltzaile dira eta John Cassavetes aktoreak antzeztu zuen auto lasterkariaren atzetik dabiltza.

Egitarauan aldaketak egon litezke.

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.