Guggenheim Bilbao Museoak %20ko beherapena sarreretan eta sartzeko erraztasunak eskainiko dizkie Museoko txarteldegian BBK Live jaialdiko pultserak edo sarrerak erakusten dituztenei. Izan ere, uztailaren 7tik 10era, biak barne, jaialdian parte hartzen ari direla frogatzen duten guztiek Louise Bourgeois, Andy Warhol eta Parisko Eskola gaitzat dituzten erakusketak ikusi ahal izango dituzte beherapena duten txartelekin, entzuteko gida barne: 9 euro 26 urte edo gutxiago dituzten ikasleentzat eta 12,5 euro hortik aurrerakoentzat.
Uda garai ezin hobea da Guggenheim Bilbao Museoa bisitatzeko aldi berean hainbat erakusketa gogoangarri ikusteko aukera baitago. Batetik, Itzalak, Andy Warholen formatu handiko 102 serigrafia-panelek osatzen duten artelan itzelaren instalazioa, Espainian estreinako aldiz erakusten dena, eta Warholek egindako abstrakzioari buruzko miaketak adierazten dituena. Bestetik, Louise Bourgeois artista frantses estatubatuarraren Gelak ikusi ahal izango dituzte, barruko eta kanpoko munduak bereizten dituzten emozioz betetako gune arkitektonikoak; 28 Gela bildu ditugu BBVA Fundazioaren babesari esker egin den Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak erakusketa honetan. Hirugarren erakusketa garrantzitsuan, Hiriko ikuspegiak: Parisko Eskola, 1900–1945, besteak beste, Picasso, Braque, Chagall, Modigliani eta Delaunay artista ezagunen 50 artelan ikus ditzakete bisitariek. Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoko Bildumaren maisulanen aukeraketa bat ikus daiteke eta Eija-Liisa Ahtila artista finlandiarraren Deikundea ikus-entzunezko pieza Film & Video aretoan.
Argibideak:
www.guggenheim-bilbao.eus edo tel. 944 359 080
www.bistroguggenheimbilbao.com edo tel. 944 239 333
Bilbo, 2016ko uztailaren 5a