Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoan uda ikastaroa

Artea eta sormena III: narrazioak arte garaikidean udako ikastaroa Guggenheim Bilbao Museoan

Besteak beste, Peter Greenaway zinema-zuzendaria eta Francesc Torres artista izango dira topaketa honetan, non narrazioa artea irakasteko eta interpretatzeko tresna gisa landuko den

Artea eta sormena III: narrazioak arte garaikidean da udako ikastaro honen izenburua eta ekainaren 25ean eta 26an eskainiko dute Museoan bertan Guggenheim Bilbao Museoak eta EHUko Arte Eder Fakultateak, 2007an sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren arabera, hain zuzen. Aurtengoa hirugarren Artea eta sormena ikastaroa da eta horren koordinatzaile izan dira Josu Rekalde, artista eta EHUko Arte Eder Fakultateko katedraduna, eta Marta Arzak, Hezkuntza eta Interpretazio Zuzendariordea Guggenheim Bilbao Museoan. Izan ere, EHUk antolatzen dituen Bilbao Arte eta Kultura 2009 udako ikastaroen barruan dago.

Guggenheim Bilbao Museoan Pribatutik publikora: Guggenheim Bildumak ikusgai dela bide, ikastaroan narrazioa arte garaikidean nola txertatzen den landuko da. Horretarako, hainbat modutan ekingo zaio narrazioari: batetik, egileei dagozkien ezaugarriak aintzat hartuko dira, hau da, banaka lan egiten duten artistenak edo elkarrekin sortzea proposatzen duten taldeenak, eta, bestetik, narrazioari berari dagozkion ezaugarriak aztertuko dira, hots, horren literaltasuna eta irakurketa anitzak. Ikastaroak beraz, helburu du sortze-prozesuan dauden askotariko aukerak aztertzea eta narrazioa hezkuntzarako tresna gisa zer nolakoa den hausnartzea. Hainbat saiotan —hizketaldiak, eztabaida-guneak, lantegi praktikoak, adibidez— gai hori jorratuko dute nazioarteko artistek eta jakitunek, narrazioak arte garaikidean betetzen duen lekuan aditu direnek.

Ekainaren 25ean, ostegun goizean, Literaltasuna esperientzia artistikoan: istorioak kontatzea saioari ekingo zaio. Bertan izango da nazioartean entzutea duen Peter Greenway zinema-artista eta hark emango duen hitzaldian —Margotutako ipuinetatik filmatutako ipuinetara— azalduko du zinemak bere izaera eta oinarriak berriro pentsatu eta haren mugetatik haratago joan behar duela. Ondoren, Rika Burnham, New Yorkeko Frick Collection-aren Hezkuntza Arduraduna, izango da hizlari, Begien eta adimenaren ertzean: irakaskuntza-ereduak XXI. mendean mintzaldian. Arratsaldez, Jac Leirner artistak bere ibilbideko artelan batzuen atzean dauden pasadizoak eta berezitasunak azalduko ditu Artelana sortzearen esperientzia izeneko hitzaldian.

Ekainaren 26an, ostiralean, Elkarlotzen diren narrazioak saioari ekingo zaio. Horretan lan-taldean sortzen eta jarduten duten ZEMOS 98 taldeko bi kide izango dira, Rubén Díaz eta Felipe G. Gil; horiek Iturburu-kodea: birnahasketa hitzaldia emango dute. Ikastaroa amaitzeko, Francesc Torres artista katalan ezaguna, instalazio-artearen aitzindari izan zena, arituko da haren lanen inguruan, Instalazio multimedia historiako hainbat narrazioen euskarri gisa berbaldian.

EGITARAUA

EKAINAK 25: Literaltasuna esperientzia artistikoan

Goizez

9:30 Ikastaroen aurkezpena 10:15 Marta Arzak (Guggenheim Bilbao Museoaren Hezkuntza eta Interpretazio Zuzendariordea) eta Josu Rekalde (artista eta EHUko Irakasle katedraduna): Edukien deskribapena 10:30 Peter Greenaway (zinegilea): Margotutako ipuinetatik filmatutako ipuinetara 11:45 Rika Burnham (Frick Collection bildumarako hezkuntza arduraduna): Begien eta adimenaren ertzean: irakaskuntza-ereduak XXI. mendean 12:15 Peter Greenaway eta Rika Burnham elkarrizketan 13:00 Pribatutik publikora: Guggenheim bildumak erakusketara bisitaldia

Arratsaldez

15:30 Jac Leirner (artista): Artelana sortzearen esperientzia 16:30–17:00 Jac Leirner eta Marta Arzak elkarrizketan 16:30–18:30 Lantegi praktikoa (espazioarekin lotura duten Pribatutik publikora erakusketako artelanak oinarri)

EKAINAK 26 Elkarlotzen diren narrazioak

Goizez

10:00 Taldean sortzea, ZEMOS 98: Iturburu-kodea: birnahasketa 11:00 Francesc Torres (artista): Instalazio multimedia historiako hainbat narrazioen euskarri gisa 12:00 ZEMOS 98 eta Francesc Torres elkarrizketan 12:45 Lantegi praktikoa (espazioarekin lotura duten Pribatutik publikora erakusketako artelanak oinarri)

Arratsaldez

15:30–17:00 Proiektuaren bateratze lana eta ondorioak

 

Noiz: ekainaren 25ean eta 26an

Non: Museoko Entzungelan

Prezioa: 110 € publiko orokorrak eta 55 € ikasleak, langabeak eta Museoko Lagunak

Lan-hizkuntza: Gaztelania

Guggenheim Bilbao Museoaren gaineko informazioa guztia www.guggenheim-bilbao.eus webgunean (prentsa-eremua) eskuragarri duzu. Eman ezazu izena posta elektroniko eta SMS bidezko albiste-alerta zerbitzuan.

Bilbon, 2009ko ekainaren 23an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.