Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak Zero Espazioa gela aurkezten du

Guggenheim Bilbao Museoak Zero Espazioa, bisitariak orientatzeko gela, inauguratuko du ekainean

Maider López artista, arte-aholkulari gisa, Museoaren Hezkuntza eta Interpretazio arloarekin elkarlanean aritu da espazio berri honen kontzeptualizazioa eta diseinua egiteko

Guggenheim Bilbao Museoak Zero Espazioa inauguratuko du: ekainaren erdialdera irekiko den orientatzeko gela honen helburua da bisitarientzat topaleku bihurtzea eta horiek erakundearekin lehen harremana edukitzea. 170 metro karratuko azalera duen espazio interaktibo eta dinamiko hau Guggenheim Bilbao Museoaren 2009–2012 Plan Estrategikoan gogoan hartzen diren ekimen estrategikoetako bat da. Asmo du bisitariari beharrezko informazioa eta interpretatzeko gakoak eskaintzea, hala hobea izango baita bere Museoko esperientzia eta hala sustatuko baita bisitaldia errepikatzea.

Gela honen kontzeptua zehazteko eta diseinua egiteko, Museoak Maider López artista donostiarraren aholkuak jaso ditu; izan ere, Guggenheim Bilbao Museoaren Hezkuntza eta Interpretazio arloarekin aritu da elkarlanean eta ondorengo lanetan lagundu du: Zero Espazioaren kontzeptua zehaztu; gelak arte- eta sormen-ikuspuntua izan dezan edukiak eta euskarriak zehaztu; eta, azkenik, ikusizko proposamen grafiko bat sortu sarbiderako eta Museoko beste hezkuntza-guneekin gela lotzeko. “Ikuspuntu berriak bilatu ditugu, egunerokoa berriz aztertzera eta ideiak baztertzera eraman gaituztenak; horretarako oinarriak umorea eta Museoan gozatzea izan dira, baina, batez ere, Museoan zehar ibiltzeko eta esperimentatzeko hiru modu: errealitatea, jakin-mina eta asmatzea”.

Bisitaria atondotik sar daiteke gela honetara bisitaldia hasi baino lehen eta bi gune desberdintzen dira: batetik, argibide-guneak helburu du bertaratzen direnei euren bisitaldia albait hoberen antolatzeko beharrezko tresnak eskaintzea; kontsulta-guneak, bestetik, Museoaren alderdi desberdinetan sakontzeko aukera emango dio bisitariari; hala, multimedia aplikazio eta euskarriei esker, arte-adituen zein -zaleen beharrak eta itxaropenak asetzea espero da bigarren gune honetan.

Ekimen hau Guggenheim Bilbao Museoak 1997an ireki zenetik garatu duen hezkuntza-egitarauaren barnean kokatzen da. Proiektu hau gauzatu ahal izateko 560.000 euroko diru laguntza jaso zuen Museoak Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren Avanza planaren bidez. Diru kopuru horrek gela hau multimedia teknologia aurreratuenekin hornitzea ahalbidetu du, Museoaren berezko izaerari ikusgarritasun handiagoa emanez.

Bilbon, 2010eko maiatzaren 6an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.