- Alex Txikon, María Escoté eta Izaskun Alberdi dira hainbat diziplinatako adituetako batzuk eta zeharkako begirada bat eskainiko dute erakusketen “ibilbide tematiko” berriak gidatuta
- Museoaren kultura- eta hezkuntza-programazioaren helburua artearen eta bere balioen bidez ikuspegi berriak inspiratzea eta zabaltzea da, publikoen ahalik eta aniztasun handienera iristeko asmoz
Guggenheim Bilbao Museoak kulturaren eta hezkuntzaren arloko jardueren programazio anbiziotsua aurkezten du, aurtengo erakusketa-programaren osagarri gisa, artearen eta bere balioen bidez ikuspegi berriak inspiratu eta zabaltzeko, eta publikoen ahalik eta aniztasun handienera iristeko asmoz.
Hainbat diziplinatako adituen eskutik egindako ibilbide tematikoak, artistekin solasaldiak eta topaketak; bitxien diseinuko, ilustrazioko edo moda-diseinuko sormen-saioak; ongizate fisiko eta emozionalari lotutako jarduerak (Wellbeing); performanceak, piano-errezitaldiak eta kontzertuak; haur eta gazteentzako diziplina anitzeko tailerrak; Z belaunaldiari zuzendutako musika eta esperimentazio artistikoa; eta belaunaldien arteko solasaldiak dira aurtengo hezkuntza-programa osatzen duten jardueretako batzuk.
Jarraian aurkezten da jarduera aipagarrienen aurrerapena:
Artea erdigunean
Artistak, arte-komisarioak, kuradoreak eta Museoko beste profesional batzuk izango dira hainbat topaketa eta mahai-inguruetan protagonista.
-Gloria Moure, arte-historialaria eta otsailaren 9an inauguratuko den Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi erakusketaren komisarioa, arituko da erakusketa honen gakoak azaltzen. (otsailak 7)
-Joan Young eta Lauren Hinkson, New Yorkeko Guggenheim Museoko kuradoreak, eztabaidan arituko dira BBK babesle duen eta otsailaren 16an publikoarentzat irekiko den Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea erakusketaren inguruan. (otsailak 14)
-Vinca Kruk eta Daniel van der Velden artistak, Metahaven-eko kideak, Kaosaren teoria beren erakusketari buruz arituko dira elkarrizketan bere komisario eta Guggenheim Bilbao Museoko kuradore Manuel Cirauquirekin, inaugurazioaren egunean. (otsailak 22).
-June Crespo, egun Europako panorama artistikoan gailentzen hasia den figuretako bat, elkarrizketan arituko da martxoaren 1ean inauguratuko den June Crespo. Baskularraren komisario eta Museoko kuradore Manuel Cirauquirekin erakusketaren inguruan (otsailak 28)
Ikuspegi berriak
Ibilbide tematiko berri hauek, zeharkako diziplinetako adituek eskainiak, erakusketei buruzko ikuspegi ezohikoak eskainiko dituzte.
-Alex Txikon alpinista bizkaitar ospetsuak Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi erakusketa komentatuko du, naturarekin lotura estua duen eliteko eskalatzaile gisa duen profiletik. (martxoak 15)
-Maria Escoté moda-diseinatzaileak bisita gidatu bat eskainiko du Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea erakusketara (babeslea: BBK). Artelanak modarentzat inspirazio-iturri direla nabamenduko du, baita azpimarratu ere moda jasangarria eta zirkularra kontsumitzeak duen garrantzia. (apirilak 19)
-Izaskun Alberdi irakasle, biologo eta ilustratzaileak ibilbide bat gidatuko du June Crespo. Baskularra erakusketatik. Bertan, June Crespo artistaren forma organikoetan aurkitzen diren zutoinak, hodiak edo dermisa azalduko ditu. (maiatzak 10)
Sormen-saioak
Artearekiko hurbilketa aberasteko, sormen-tailer berriak diseinatu dira Museoko erakusketekin eta artistekin zerikusia duten gaiei buruz. Saio hauetan, parte-hartzaileek esperimentatzeko eta beren lanak sortzeko aukera izango dute.
-Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi erakusketa dela eta, naturan inspiratutako bitxien diseinuan espezializatutako Maitane Ganboa artistak material birziklatuekin diseinatzen hasteko tailer bat eskainiko du, povera itxurako pieza esklusiboak sortzeko. (martxoak 14)
-Maria Escoték lehendik dauden ehunak eta jantziak berrerabiltzeko hastapen-tailer bat emango du, 2024ko udaberri/udako pop joeretan inspiratutako diseinuekin. (apirilak 18)
-Izaskun Alberdik ilustrazio zientifikoko tailer bat zuzenduko du, Cresporen lanetatik abiatuta, inguratzen gaituen mundua behatzeko eta aztertzeko gaitasuna areagotzea helburu. (maiatzak 16)
Nagusiak eta Z belaunaldia
2024an, Guggenheim Bilbao Museoak hainbat belaunaldiri zuzendutako jarduerak eskainiko ditu, bere Bildumako erakusketetan eta artistetan oinarritutako aisiako alternatibekin.
-Gosariak artearekin… Hizketan aritzea gustatzen zaizu? Museoko boluntarioek dinamizatutako saio hauetan elkartzeko eta solasean aritzeko gune bat eskaintzen da, gaurkotasuneko gaiei buruzko esperientziak eta iritziak Museoaren testuinguruan partekatu nahi dituzten 65 urtetik gorako pertsonei zuzendua. (martxoak 5 eta 19; apirilak 9 eta 23; maiatzak 7)
-Silver Film Festival. Pertsona nagusiek sortutako ikus-entzunezkoen proiekzioak, belaunaldien arteko solasaldiak, eta artearen arloko edadismoari buruzkoak. (martxoak 15 eta 16)
-Z ostirala. Topacio Fresh, abeslari, aktore, arte-galerista eta aktibista soziala izango da martxoko Z ostirala programaren protagonista; 20 eta 30 urte bitarteko gazteentzako topaketa. Oraingoan, artistak Madrilgo eszena artistikoan izan zuen sarraldia kontatuko die, 2008an Fresh Gallery ireki zuenean.
Musika, performancea eta zinema
Jarraian, Museoak datozen hilabeteetarako programatuak dituen arte eszenikoetako ekitaldien eta jardueren adibide batzuk azaltzen dira.
-Emakume sortzaileak piano-errezitaldia. Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Laura Sierra pianistak emakume konpositoreen errepertorioa interpretatuko du, tartean hauena: Caroline Shaw, Musikako Pulitzer Saria (2013), eta Meredith Monk, Arteetako Domina Nazionala (2015). (martxoak 7)
-Piano-errezitaldia eta elkarraldia Pavel Kolesnikovekin. Ikurrak eta Objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea erakusketako koloreetan oinarritutako errezitaldia. Ondoren, pianista errusiarra elkarrizketan arituko da Patricia Sojo musikologoarekin. (maiatzak 14)
-Amaia Urra eta Ion Munduate artisten performancea. June Crespo. Baskularra erakusketaren inguruan antolatua (maiatzak 25)
-Let’s go to the movies. BAFTAn saritutako filmen zatien proiekzioa eta ondoren British Councileko profesionalek gidatutako eztabaida.
Wellbeing
Guggenheim Bilbao Museoak ongizate edo Wellbeing programa berritzailea jarri du abian, arteak pertsonen ongizate fisikoa eta emozionala hobetzen duela eta beren barne-konexioa eta besteekikoa errazten duela eusten dion premisan oinarrituta.
Ekimen honek hainbat saio biltzen ditu ongizate fisikoa eta mentala sustatzeko eta arte pausatua deskubritzeko, artelanak mindfulness, behaketa kontziente, yoga edo meditazio-teknikekin lotzen dituzten jardueren bidez. Hala, jarduera horien artean daude Begirada barez; Yoga familiartean eta helduentzat edo Ordu lasaia.
Gainera, June Crespo. Baskularra erakusketaren barruan, Felicitas Estévez psikoterapeutak ezagutza pertsonaleko saio bat gidatuko du, Mugimenduaren Sistema Kontzientea izeneko gorputz-mugimenduaren bidez. (maiatzak 31)
Wellbeing programak TotalEnergies erakundearen babesa du.
Familiak eta gazteak
Astebururo, jakin-mina eta pertzepzioa espaziala sustatzeko diziplina anitzeko ikastaroez eta tailerrez gozatuko dute haurrek, besteak beste, hauetaz: Marrazten ikasten edo Arkitektura-laborategia; Sormen-saioak haurrentzako tailerrak, aldi baterako erakusketei buruzkoak; Armiarma tailerrak eta Puppy tailerrak, Museoaren Bildumako artelan adierazgarrienekin lotutakoak; edo Books Alive!, liburu eta ipuinen inguruan ingelesez garatzen dena liburutegian.
Udan, haurrek hainbat diziplina biltzen dituzten udako tailerrak izango dituzte, eta 13 eta 16 urte bitarteko gazteek Summer for Teens tailerraz gozatzeko aukera izango dute; tailer honetan sormen-praktikei ekingo diete, tartean ikus-entzunezko animazioa, diseinu grafikoa, musika eta dantza.
ITP Aero erakundeak familientzako eta gazteentzako jarduerak babesten ditu
Jardureak online
Museoak sarbide libreko online proposamen batzuk ditu lekualdatu ezin duten pertsonentzat, gure garaiko arteaz eta arkitekturaz gozatzen jarraitu nahi dutenentzat. Hala, proposamen horien artean daude online ikastaroak, arte moderno eta garaikideko materialei buruzkoak, eta Museoaren webguneko Ikasi atala, helduentzako, familientzako eta irakasleentzako baliabide eta material didaktikoekin. Ikasle eta irakasleentzako jarduerek Occident erakundearen babesa dute.
Arrakasta handia 2023ko hezkuntza-jarduereko parte hartzean
Kulturaren eta hezkuntzaren arloan Museoak garatutako programek aparteko babesa izan dute 2023an, haietan parte hartu duten askotariko publikoen aldetik. 70.406 pertsonak parte hartu dute Museoak eskaintzen dituen jarduera presentzialetan eta online jardueretan, eta 997.710 bisitarik erabili dituzte Didaktikako guneak. Familien programan 7.049 pertsonak hartu dute parte, eta 12.607 helduk Museoak eskainitako askotariko ikastaro, solasaldi, tailer, hitzaldi eta ikuskizunetan. Eta 2023an abian jarritako Wellbeing programa berriak 500 parte-hartzaile baino gehiago erakarri ditu.
Informazio gehiago:
https://www.guggenheim-bilbao.eus/aprende