Komisarioekin, arte-kritikariekin eta diziplina ezberdinetako adituekin egindako solasaldiak eta elkarrizketa-saioak, ikus-entzunezko proiekzioak, arte bizien eta diziplina anitzeko arteen jaialdiak, kontzertuak, ikasleentzako Skype bidezko bisitaldi birtualak, erakusketen bideo-bisitaldiak, haurrentzako Arkitektura-laborategia eta Puppy zein Armiarma tailerrak dira, besteak beste, hiruhileko honetarako jarduera nagusiak.
Guggenheim Bilbao Museoak aurtengo erakusketa-programa osatzeko antolatu duen jarduera-egitarau anitzarekin emango dio ongietorria udazkenari, helburu bikoitzarekin egin ere: arte moderno eta garaikidea herritarrei gerturatzea, alde batetik, eta artearen eta kulturaren gozamena sustatzea, bestetik. Jarduera guztiak dagokien edukiera-muga aplikatuta eta parte-hartzaile guztien babesa eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren gainerako neurriak hartuta gauzatuko dira.
Haurrak eta familiak publiko ezin garrantzitsuagoa dira Museoarentzat, eta eurei berariaz zuzendutako bete-beteko programazioa dute eskura. Egitasmo horiek BBKren laguntzari esker antolatzen dira, eta artistek zein erreferentziazko bestelako eragileek hezurmamitzen dituzte.
Jarraian, jarduerarik esanguratsuenen aurrerapena aurkeztuko dugu.
Artea, erdigunean
Izen handiko arte-arduradunak eta diziplina ezberdinetako adituak izango dira Museoan egingo den topaketa-sorta honen protagonistak.
-Javier San Martín, historialaria, arte-kritikaria eta XX. mendeko Artearen Teoria eta Historia irakaslea EHUko Arte Ederren Fakultatean. Urriaren 29an, Lee Krasner izango du hizpide ireki berri dugun erakusketaren harira, eta pintura garaikidearen inguruko eztabaidaren aurrean artistak proposatu zituen erantzunen aniztasuna eta oparotasuna aztertuko ditu.
Lee Krasner. Kolore bizia erakusketak Seguros Bilbao du babesle.
- Megan Fontanella da azaroaren 20tik aurrera Guggenheim Bilbao Museoan ikusgai egongo den Kandinskyri buruzko erakusketaren komisarioa, eta funtsezko zenbait gako eskainiko ditu Vasily Kandinskyren eta haren garaikideen lana ulertu eta gozatu ahal izateko. Ekitaldiaren data zehazteke dago oraindik.
Kandisnky erakusketak BBVA Fundazioa du babesle.
- Elena Vecino Biologia Zelularrean eta Histologian katedradunak hitzaldi bat emango du Kandinskyren erakusketa aitzakia hartuta: koloreak soinuekin edo usainekin lotzea eragiten duten giza burmuinaren berezitasunez arituko da abenduaren 15ean.
Arte biziak, tailerrak eta musika
-Sorkuntza-saioak- ‘Ura, argia, teknologia eta Eliasson’ eta ‘Krasnerren teknikak’.
Lehenengo tailerra ostegun honetan izango da, urriaren 8an, eta bertan, Olafur Eliassonek ura, argia eta haien islak era guztietako gailuekin nola konbinatzen dituen eta zer efektu txundigarri lortzen dituen ikusiko ahalko dute parte-hartzaileek. Saio horretan, Iberdrolaren babesari esker Museoaren bigarren solairua hartzen duen atzera begirako erakusketaren protagonista den Eliassonen obra azalduko du Travis Flint artistak, lagin- eta esperimentazio-mahai baten laguntzaz. Bigarren tailerra Lee Krasnerren teknikei buruzkoa izango da eta azaroaren 5ean egingo da. Bertan, parte-hartzaileek teknika horiek aztertu ahalko dituzte Veva Linaza artistak gidatutako praktika dibertigarri baten bidez.
-Kandinskyren obren aurrean eskainitako mikrokontzertuak (azaroak 21 eta 28, eta abenduak 12 eta 19)
Ikusleek musika eta ikusmena uztartzen dituen esperientzia paregabea biziko dute Kandinskyren obren ondoan, Ensemble Kuraiaren eskutik. Izan ere, Kandinsky esperimentazioaren eta zentzumenak estimulatzearen zale amorratua zen.
Urteko azken hiruhileko honetako programazioak beste hainbat jarduera ere badakartza. Besteak beste, Loraldia Jaialdia bueltan izango da urriaren 11n bere programazioko klasiko batekin: etorkizunari buruzko gogoeta-saio bat, musika, bertsolaritza eta literatura uztartzen dituena; Let’s Go to the Movies, British Councileko profesionalek gidatutako solasaldia, ingelesezko pelikulen zatiak ikusi ondoren horien inguruan hitz egiteko; Berlingo Orkestra Filarmonikoaren emanaldiak; Guggenheim marrazten nazioarteko IV. marrazketa-topaketa, urriaren 25ean New Yorkeko, Veneziako eta Bilboko Guggenheim Museoetan egingo dena; ACT Jaialdiaren baitan azaroaren 7an Belgikako Stratageme konpainiak eskainiko duen Forecasting ikuskizuna; Txema Agirianoren gidaritzapean proiektu apurtzaileen bidez diziplina aniztasuna defendatzen duen MEM Jaialdiaren saioetako bat, azaroaren 12an; eta azaroaren 21ean, Ana Morales flamenko-dantzariaren Sin Permiso lanaren emanaldia Dantzaldia jaialdiaren baitan.
Bisitaldi laburrak
Gainera, Guggenheim Bilbao Museoak eduki artistiko ezberdinen inguruko bisitaldi laburrak eskainiko ditu, doan, asteburuetan.
HEZKUNTZA ETA BBK
Familiak
Astebururo, neska-mutilek diziplina anitzeko ikastaroak eta tailerrak izango dituzte euren esku, hala nola Maushausek ematen duen Arkitektura-laborategia, beren jakin-mina pizteko eta espazioa ulertzen ikasteko; aldi baterako erakusketen inguruan antolatutako haurrentzako Sorkuntza-saioak; Museoaren lagunentzako soilik diren Armiarma tailerrak eta Puppy tailerrak, Museoaren Bildumako obra ikoniko horiek oinarri hartuta egiten direnak; edo liburuetatik eta ipuinetatik abiatuta Museoaren Liburutegian ingelesez gauzatzen den Books Alive!,.
Online jarduerak
Guggenheim Bilbao Museoak hainbat proposamen hasi ditu online, Museora bertaratzerik izan ez arren gure garaiko arteaz eta arkitekturaz gozatzen eta ikasten jarraitu nahi dutenentzat esku-eskura. Aukera zabala da: Skype bidezko bisitaldi birtualak ikastetxeentzat; erakusketak eta Bilduma ikusteko bideo-bisitaldiak; artistek gidatutako bideo-tailerrak; ipuin-kontaketak ingelesez; eta Museoan antolatzen diren jarduerarik garrantzitsuenen streaming bidezko emanaldia. Halaber, irakasleek didaktika-baliabide ezberdinak dituzte eskuragarri Museoaren webguneko “Ikasi” atalean, tartean Museoaren Bilduma propioko Puppy, Ama edo Denboraren materia bezalako artelanei buruzko doako ikastaroak iTunes U euskarrian.
Informazio gehiago: