Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak Jesús Mari Lazkano artistaren eta Marta Blàviaren arteko solasaldia aurkezten du

Guggenheim Bilbao Museoak bideo berri bat aurkezten du Guggenheim Bilbao Insights sailaren barruan. Bertan, Museoaren Bilduman obra duten artistekin elkarrizketan aritzen dira erakundeko komisarioak. Oraingoan, Jesús Mari Lazkano artista eta Marta Blàvia arte-arduraduna dira protagonistak.

Artikoko pinturez hitz egiten dute bertan; duela 5 urte sortutako proiektua, New Yorkeko The Artic Circle fundazioak antolatutako bidaia artistiko/zientifiko bati ekin zionean Lazkanok ipar polora. Muturreko paisaietan barrena egindako bidaia horretatik ezin konta ahala bozeto, marrazki eta akuarelekin bueltatu zen artista Urdaibaiko bere estudiora, eta haien bidez behatu, gelditu eta hausnarketa bat egin ahal izan zuen paisaiak ezkutuan gordetzen duenari buruz, eta giza jarduerak ekartzen dizkion ondorioei buruz.

Elkarrizketan ingurumenaren zaintzarekin hartua duen konpromisoa erakusten du Lazkanok, eta arteak errealitatearen aurrean duen erantzukizuna defendatzen du, kasu honetan, Artikoak orain bizi duen egoera ahula. “Paisaia modu tolesgabe eta naif batean begiratzeari utzi behar diogu. Nire pinturak gonbidapen bat dira eztabaidatzera, zalantza egitera, baita gure ingurunearekiko dugun jarrera birplanteatzera ere”.

Bideo guztiak Museoaren webgunean daude eskuragarri Museoaren webgunean, bai eta museoaren YouTube kanalean ere.

Hamahiru artista

Ondokoak dira orain arte Guggenheim Bilbao Insights sailean parte hartu duten hamaika artistak: Alyson Shotz, Jose Manuel Ballester, Ernesto Neto, Itziar Okariz, Esther Ferrer, Pello Irazu, Doris Salcedo, Jeff Koons, Aitor Ortiz, Elssie Ansareo, Prudencio Irazabal, Juan Luis Moraza eta Jesús Mari Lazkano

Zazpi ikuspegi

Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunen taldea sei komisario artistikok eta laguntzaile batek osatzen dute, eta haietako bakoitzak bere ikuspegia eta ibilbidea eskainiko dizkio proiektuari. Hona hemen taldekideak eta Museoan beren ardurapean izan dituzten azken erakusketetako batzuk:

  • Lucía Agirre: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketez arduratu da, besteak beste: Serra/Seurat. Marrrazkiak (2022), Alice Neel (2021), Lee Krasner (2020), Olafur Eliasson (2020), Thomas Struth (2019), Marc Chagall (2018), Pello Irazu (2017), Bill Viola (2017) edo Jeff Koons (2015). Sekzioak/Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte erakusketaren komisarioetako bat izan da.
  • Manuel Cirauqui: 2016tik da Museoko arte-arduraduna, Dia Art Foundation-etik etorri ondoren. Film & Video aretoko programazioaren arduraduna da. Motion. Autos, Art, Architecture eta Sekzioak/Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte erakusketen komisarioetako bat izan da.  Hortaz gain, honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Jesús Rafael Soto (2019), Henri Michaux (2018), Anni Albers (2017) eta Artea eta espazioa (2017).
  • Geaninne Gutiérrez- Guimarães: 2015etik da Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna, baina New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan du egoitza; Basque Artist Program koordinatzen du bertan. Fauvismotik surrealismora. Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak (2022) eta Lygia Clark (2020) erakusketen komisarioa izan da. Sekzioak/Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte erakusketaren komisarioetako bat izan da.
  • Lekha Hileman Waitoller: 2019ko urrian hasi zen Museoan lanean arte-arduradun gisa, Chicagoko Art Institute-tik etorri ondoren. Motion. Autos, Art, Architecture eta Sekzioak/Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte erakusketen komisarioetako bat izan da. Hortaz gain Emakumeak abstrakziogille (2021) eta Asmenaren ildoa (2021) erakusketen komisarioa izan da.
  • Petra Joos: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Urte eroak: 1920ko hamarkada(2021), Jenny Holzer (2019), Alberto Giacometti (2018), Georg Baselitz (2017) eta Louise Bourgeois (2016).
  • Marta Blàvia: 2006tik da arte-arduradun laguntzailea. Besteak beste, Jean Dubuffet (2022), Kandinsky (2020) eta Richard Artschwager (2019) artistei eskainitako erakusketetan aritu da laguntzaile, baita Film & Video programan ere.
  • Maite Borjabad: Museoko arte-arduraduna da 2021az geroztik —aurretik Art Institute of Chicagoko arte arduraduna— eta Sekzioak/Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte erakusketaren komisarioetako bat. Bestetik, duela gutxi Cecilia Bengolea artistak Museoaren Lagunekin gauzatutako performance bat komisariatu du, Museoaren 25. urteurrenaren ospakizunaren barruan antolatua.
×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.