Guggenheim Bilbao Museoak hezkuntza proiektu aitzindaria aurkeztu du: iTunesU plataformaren bidez, 20 ikastaroko unitate didaktiko interaktiboak baliatuz, Bildumako artelan gailenetako batzuk helaraziko dizkie ikasleei. Museoko profesionalek eta Apple inguruneko hezitzaile bik (Apple Distinguished Educators, ADE), José Ramón Navarrok —Valentziako Unibertsitateko irakaslea— eta Iker Aburtok —Zornotzako Lauaxeta ikastolako irakaslea—, elkarlan estuan garatu dituzte. Espainian, museoen arloan, ez da sekula horrelako proiekturik egin. Ekimen honek irakasle eta ikasleei doan eskaintzen dizkie hogei ikastaro digital, hamar Lehen Hezkuntzakoentzat eta beste hamar Bigarren Hezkuntzakoentzat, Museoko Bildumaren artelanen ingurukoak, zehazki, modu iraunkorrean kokatutako artelanen gainekoak.
Jeff Koons-en Puppy eta Idi-bihotzak, Louise Bourgeois-en Ama, Jenny Holzer-en Bilborako instalazioa, Richard Serra-ren Denboraren matera, Anish Kapoor-en Zuhaitz handia eta begia, Daniel Buren-en Arcos rojos/Arku gorriak, Yves Klein-en Su-iturria, Fujiko Nakaya-ren Laino eskultura 08025 zk. (F.O.G.) eta Juan Pérez Agirregoikoaren La forêt des maîtres-sots dira lan horiek. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat berariaz prestatu dira unitate didaktikoak eta bideoak, jarduerak eta erronkak dituzte; interaktiboak direnez arteari modu atseginean eta holistikoan heltzeko aukera ematen dute.
Hona hemen adibide bat: Richard Serraren Denboraren materia lanari buruzko unitate didaktikoan ikasleek artistaren azalpenak entzuteko aukera izango dute; artelanen garraiatze- eta muntatze-prozesu zailaren bideo bat izango dute eskuragarri; materialaren oxidazioaz ikasiko dute; artistak eskulturak, irudi geometrikoetatik abiatuta, nola egin zituen aztertuko dute; lanaren izenburuak aipatzen duen denboraren eta haren erlatibotasunaz hausnartzeko parada izango dute; eta maketa bat eraikiko dute. Horrelako jardueretan murgildu egin ahalko dira ikasle eta irakasleak. Jarduerek gidalerroak eta egitura argia dituzte eta guztiz praktikoak dira.
Proiektuak helburu du artearen ikaskuntza sustatzea eta arte zaletasuna bultzatzea modu dibertigarri, sortzaile eta parte-hartzailean; aldi berean, edukien kalitatea eta zorroztasuna ziurtatzen dira.
Gaur arte munduko hamaika museok esku hartu dute honelako ekimen batean: Australiako hiru, AEBko lau eta Europako beste lau. Guggenheim Bilbao Museoa euskaraz eta nazioarteko ikasleentzat erabilgarriak izan daitezen beste hizkuntza batzuetan ere garatzen ari da unitate didaktikoak.
Ikastaroak iTunes U plataforman eskuragarri daude. iTunes U aplikazioa doakoa da eta ikastaroak, bildumak eta hezkuntza-baliabideak eskaintzen ditu. Irakasle eta ikasleek ikastaroak emateko zien egiteko behar duten guztia eskura dezakete haien iPad®, iPhone® eta iPod touch® gailuen bidez. iTunes U plataformari esker, edonolako ikasleek —araututako hezkuntzakoak zein beste batzuk— hezkuntza-eduki aberasgarrietan murgil daitezke edonon: interesatzen zaizkien gaiak azter ditzakete eta ideiak parteka ditzakete.
Bilbon, 2016ko apirilaren 25ean