Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak Insights saileko atal berria aurkezten du, oraingoan Asier Mendizabali eskainia

Guggenheim Bilbao Museoak bideo berri bat aurkezten du Guggenheim Bilbao Insights sailaren baitan. Bertan, Museoaren Bilduman obra duten artistekin elkarrizketan aritzen dira erakundeko komisarioak. Oraingoan, Asier Mendizabal izango da protagonista, eta Maite Borjabad arte-arduraduna izango du solaskide.

Elkarrizketan Nom de Guerre instalazio zirraragarria dute hizpide, Mendizabalek 2007an sortua Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako. Su-ontzi gisa funtzionatzen duen metalezko edukiontzi bat, erregaiz betea, eta kea ateratzeko hodi bertikal handi bat dira instalazioa osatzen duten elementuak. Eskultura honetan, suak kultura askotan daukan esanahi sinbolikoaz mintzo da artista, baita duela hamabost urteko euskal testuinguru soziopolitikoan.

BBK babesle duen Sekzioak / Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte erakusketan ateak itxi berri dituen Bizitza materiala atalean egin dute solasaldia: naturaren oinarrizko elementuen eta horiek egungo testuinguru konplexuan dituzten eraldaketen behaketari eskainitako atalean, hain zuzen. Asier Mendizabalek denboraren joanarekin bere obrak hartu dituen esanahi berriez gogoetatzen du: “piezaren funtzioak aldatuz doaz irakurketa ezberdinen, gorabehera historikoen edo beste obra batzuekiko gertutasunaren arabera. Horrek guztiak aldarazi egiten du pieza, eta, ondorioz, obrak gainditu egiten du hura sortzerakoan izan nuen asmoa”.

Bideo guztiak Museoaren webgunean daude eskuragarri https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/guggenheimbilbaoinsights, bai eta museoaren YouTube kanalean ere.

Hamalau artista

Ondokoak dira orain arte Guggenheim Bilbao Insights sailean parte hartu duten hamaika artistak: Alyson Shotz, Jose Manuel Ballester, Ernesto Neto, Itziar Okariz, Esther Ferrer, Pello Irazu, Doris Salcedo, Jeff Koons, Aitor Ortiz, Elssie Ansareo, Prudencio Irazabal, Juan Luis Moraza, Jesús Mari Lazkano eta Asier Mendizabal.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.