Familientzako Gabonetako jarduerek BBKren babesa dute
Artelan bereziak sortzeko “Gabonetako aurpegiak” tailerra, Gabonetako erretratuen collage handi bat eta antzerkia, dantza, musika eta poesia uztartzen dituen zeinu dantza ikuskizuna dira, besteak beste, Guggenheim Bilbao Museoak abenduaren 20tik urtarrilaren 8ra hartuko dituen hezkuntza-jardueretako batzuk, haurrak dituzten familiei zuzendutakoak.
Abenduaren 20tik aurrera Guggenheim Bilbao Museora hurbiltzen diren 3 eta 12 urte bitarteko haurrek aukera izango dute erretratuak baliatuz Gabonetako collage bat egiteko, sormen jolas dibertigarri baten bidez. Partaideek txarteldegian eskuratuko dute galderak eta eranskailuak dituen fitxa bat eta horri jarraiki ibiliko dira Museoko erakusketetan zehar, bertako erretratuen bila. Ondoren, Atrioan, euren erretratuak sortuko dituzte, collagea erabiliz. Gainera, informazio-mahaian artelana aurkeztuz gero, oparitxo bat jasoko dute.
Abenduaren 27an eta 28an, Isiltasuna dantzatzen ikuskizunera etorriko ahalko dira edozein adinetako umeak dituzten familiak. Emanaldi horretan diziplina asko, besteren artean, antzerkia, dantza, musika eta poesia, uztartuko dira zeinu hizkuntzarekin. Rakel R. R. sortzaileak zuzentzen duen Arymux konpainiako antzezle eta dantzariek, txikiek zein helduek, emanaldi bikaina eskainiko digute, kultura pertsona guztiei irisgarri egiten eta gozatzeko aukera ematen dieten bitartean. Bi emanaldiak 18:30ean izango dira Museoko Entzungelan.
Garai honetan ohi den bezala, Museoko Lagunen seme-alabek “Gabonetako aurpegiak” tailer berezian esku hartzeko aukera izango dute abenduaren 27an, 29an eta urtarrilaren 3an euskaraz, eta abenduaren 28an, 30ean eta urtarrilaren 4an gaztelaniaz. Parte-hartzaileek Gabonekin lotzen ditugun emozioak eta aurpegierak aztertuko dituzte eta erretratuetatik abiatuta istorioak kontatzeko moduetan hausnartuko dute, Francis Baconen, Albert Oehlenen, Pablo Picassoren eta beste artista batzuen keinuari, trazuari eta pintzelkadari arreta berezia eskainiz. Bi talde izango dira tailer bakoitzean; 3 eta 5 urte bitartekoak (11:00etan eta 17:00etan) eta 6 eta 11 urte bitartekoak (17:00etan).
Azkenik, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, 11:00etatik 14:00etara, Yoko Onoren Nahien zuhaitza artelana erabilgarri ipiniko da: Museoko bigarren solairuko terrazan, nahi dutenek, zuhaitzetik 2017rako haien desioak zintzilikatzeko parada izango dute.
Gabonetako jardueren egitaraua eskaintzea ahalbidetzen du BBKrekin lankidetzak.
GABONETAKO AGENDA
- Sormen jolasa. Gabonetako collagea. Abenduak 20–urtarrilak 8. 3–10 urte.
- Isiltasuna dantzatzen – Arymux – Abenduak 27 eta 28, 18:30.
- Gabonetako aurpegiak tailerrak – Abenduak 27 eta 29 eta urtarrilak 3 [euskaraz]; abenduak 28
eta 30 eta urtarrilak 4 [gaztelaniaz]. 3–5 urte (11:00 eta 17:00) eta 6–11 urte (17:00).
- Nahien zuhaitza. Abenduak 24 eta 31 eta urtarrilak 5 (11:00–14:00). Denontzat.
Sarrerak dagoeneko salgai Museoko txarteldegian eta webgunean.
Ordutegien eta prezioen inguruko argibideak: www.guggenheim-bilbao.es
Bilbon, 2016ko abenduaren 9an