Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak eta BBK-k Gabonez gozatzeko gonbita luzatzen diete familiei, zientziarik dibertigarrienarekin

Familientzako hezkuntza jarduerak banku-fundazioaren laguntzarekin antolatu dira

Begiak ikusi ezin duena ezagutzeko tailer bat, eta argiaren ezaugarriak eta hark airean zehar bidaiatzeko duen modu berezia aztertzen dituen dantza ikuskizun bat: beste batzuen artean, jarduera horiek hartuko ditu Guggenheim Bilbao Museoak datorren abenduaren 22tik urtarrilaren 6 arte. Guztiak ere familiari zuzendutakoak izango dira.

Abenduaren 22tik aurrera Guggenheim Bilbao Museora datozen 3 eta 12 urte arteko haurrek aukera izango dute espedizio zientifikoan abiatzeko Museoan barrena, pista-jolas bat tarteko. Horretarako, Txarteldegian jolasa jaso eta zentzumenen bitartez artelanak esperimentatu beharko dituzte.

Abenduaren 27an, familiek Akari dantza ikuskizunaz gozatuko dute: argia, soinua eta kolorea dira protagonistak. Parte-hartzaileak, 6 hilabetetik gorako haurrak, argiaren ezaugarriak eta airean zehar bidaiatzeko duen modua ezagutuko dute. Akari dantza Granadako DA.TE Danza konpainiaren ekoizpena da, eta inspirazio-iturri du energia, horren garapena eta haurtxoek haien inguruekin duten harremana. Ikuskizuna 12:00etan eta 18:00etan izango da, Museoko Entzungelan.

Bere aldetik, Museoaren Lagunen 3 eta 11 urte bitarteko seme-alabek zientzia-esperimentu orijinalak egingo dituzte “artea eta zientzia” tailerrean, Jorge Rubio, Zaloa Ipiña, Mercedes Périz eta Miren Arenzana artisten laguntzarekin. Euskarazko saioak abenduaren 26 eta 28an eta urtarrilaren 3an izango dira, eta abenduaren 27 eta 29an eta urtarrilaren 4an, berriz, gaztelaniazkoak. Gauzen barruan zer dagoen ikusiko dute haurrek: pinturen konposizio kimikoa, nola sortu diren elementu horiek edo elementu teknologikoak dituzten obra enigmatikoek nola funtzionatzen duten; hala nola, Anselm Kiefer, Jenny Holzer edo Fujiko Nakaya-ren lanek.

Data hauetarako Museoan programatuta dauden familientzako hezkuntza jarduerek BBKren laguntza dute.

GABONETAKO AGENDA

  • Sormen jolasa. Espedizio zientifikoa Museoan barrena: abenduak 22tik urtarrilak 6 arte. 3 eta 12 urte artean.
  • Familiarentzako ikuskizuna: Akari dantza – abenduak 27. Ordutegia: 12:00etan, 4 urtetik aurrera; 18:00etan, 6 hilabete eta 3 urte arteko haurrak. Granadako DA. TE Danza konpainiaren eskutik.
  • Artea eta zientzia tailerra: abenduaren 26 eta 28an eta urtarrilaren 3an euskaraz; abenduaren 27 eta 29an eta urtarrilaren 4an, gaztelaniaz. 3–11 urte. Jorge Rubio, Zaloa Ipiña, Mercedez Périz eta Miren Arenzana artisten lankidetzarekin.

Sarrerak jada webgunean eta Museoko Txarteldegian salgai.

Ordutegi eta prezioen inguruko argibideak hemen: https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.