Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak, ESArekin elkarlanean, Chasmata aurkezten du, Marte eta musika uztartzen dituen kontzertua

Guggenheim Bilbao Museoak Chasmata aurkezten du, artea eta zientzia inoiz ikusi gabeko moduan uztartzen dituen ikuskizuna, eta Museoaren XX. urteurreneko ospakizunen ekitaldi nagusietako bat. Chasmata doako ikuskizuna da, BBKren ezin estimatuzko elkarlana eta Europako Espazio Agentziaren (ESA) kooperazioa izan dituena. Publikoak espaziora bidaiatzeko aukera izango du, aurrez ikusi gabeko Marte planetako irudien bitartez, alde batetik, eta ekitaldian egongo den Pedro Duque ESAko astronautaren bitartez, bestetik; Nazioarteko Espazio Estazioan bi misiotan parte hartu duen espainiar bakarra da. Pedro Duque izango dugu zeremonia-maisu gaueko momentu gailenetako batean, bukaerako musika-pieza baino lehen, eta mundu guztiarekin partekatuko du Paolo Nespoli astronautaren ikus-entzunezko mezu berezi bat, Museoaren urteurrena dela-eta propio ISSetik igorria.

Chasmata ikuskizunean elkarren eskutik joango dira arte garaikidea eta Marte planeta: kanpo-espazioa, astrogeologia, musika instrumentala, musika elektronikoa eta arte bisuala bezalako diziplina desberdinen batasuna izango dute bitartekari. Saxofoiaren eta teknologia berrien inguruan arituko da ikuskizuna, kosmosa, Frank Gehryren arkitektura eta Richard Serraren Denboraren materia lana izango ditu inspirazio-iturri. Bertan murgiltzera gonbidatzen gaituen kontzertu paregabea izango da: izan ere,  saxofoientzako sei pieza instrumental garaikide propio sortu dira emanaldirako, eta 120 saxofoi-jotzaile baino gehiagok osatutako corpus batek parte hartuko du bertan; musikari horiek, garaiera desberdinetan banatuta, gailu elektronikoekin elkarrekintzan arituko dira. 25 metrotik gorako luzera duten Atrioko horma kurbatuetan, berriz, astrogeologia inspiratutako arte-proiekzioak eta aurrez ikusi gabeko Marte planetako bereizmen handiko irudiak proiektatuko dira kontzertu osoan zehar.

Chasmata ikuskizunera gerturatuko den publikoak irailaren 20tik aurrera lortu ahal izango ditu ikuskizunerako sarrerak, bai Museoaren webgunean edo bai Txarteldegietan; halaber, kontzertuan parte hartuko du, eta modu berritzailean gainera: beren telefono mugikorren bitartez, callingHiggs piezan musikarekin jokatu ahal izango dute, propio okasiorako garaturiko aplikazio baten bitartez. Ikuskizuna baino lehen aplikazioa deskargatzea besterik ez duzu, Museoaren webgunean, Jarduerak atalean –  Chasmata, eta kontzertuan zehar irekita eduki beharko duzu. Aplikazioa doakoa da eta Android eta iOS sistema eragileentzako dago eskuragarri.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.