Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak Ernesto Neto: naraman gorputza erakusketaren esperientzia Bilboko kaleetaraino eramango du Bilbobus-i esker

Apirilaren 23tik maiatzaren 4 arte Iberdrolak babesten duen Ernesto Neto: naraman gorputza erakusketarekin lotutako ezustekoarekin topo egingo dute bilbotarrek eta Bilbo bisitatzera etorritako guztiek. Ekintza berezi honen bidez Guggenheim Bilbao Museoak Netori eskainitako atzera begirakoa ezagutarazi nahi du, Brasilgo artista nabarmenenetakoa baita eta nazioartean oso ezagunak dira haren eskultura organikoak, sarritan tamaina erraldoia dutenak.

Museoak Bilbobusekin batera taxutu duen ekintza honi esker hiribusen 10.000 erabiltzaile inguruk artista brasildarraren erakusketaren esperientzia, zentzumen guztiekin bizitzekoa, ezagutu ahal izango du. Bilbobusen autobus berezi batean egingo den ekintza honekin artistak Brasilgo artisauak eta herri kultura aldarrikatu nahi ditu, maiatzaren 18 arte Museoan zabalik dagoen erakusketako Baleiro Bala lanak bezala. Autobus berezia Bilboko auzo askotara iritsiko da. Izan ere egunean zehar txandaka ibiliko da zenbait ibilbideetan.

Rio de Janeiroko kaleetako jai giroa Bilbora ekartzearren, milaka goxoki pakete banatuko dira Bilbobus berezi horretako erabiltzaileen artean. Honela, Brasilgo hiri horretako camelôs-ek (kalez kaletako goxoki saltzaileak) trenbideetan egiten dituzten joan etorriak gogoraraziko dira. Goxoki pakete horietako bat eskuratzen duenak “2x1” promozioaz baliatu daiteke maiatzaren 17 arte sarrera baten prezioan bi lagun sartzeko Guggenheim Bilbao Museoan. Nahikoa da autobusean jasotako goxoki paketea Museoko leihatiletan aurkeztea.

Horrez gain, apirilaren 23, 24 eta 25ean, Diego Ain musikari brasildarrak “Ain & The Machine” izeneko haren proiektu pertsonalaren zatiak joko ditu Bilbobusen autobus horretan. Musika sortzeko gorputza, ahotsa eta hainbat objektu erabiltzen ditu musikari honek, teknologiaz lagunduta. Diego Ain musikagilea, ekoizlea eta perkusionista da eta pieza asko osatu ditu dokumental, laburmetraia, antzerki lan, dantza emanaldi eta iragarkietarako. Instrumentista gisa hainbat lankidetza egin ditu, hauekin esaterako: Miko Weaver (Prince-n gitarrista), Paco Fernández (Café del Mar) edo Ara Malikian. Proiektu oso ezberdinetan aritu da: mundu osoko perkusionistek osatutako big band batetik hasi eta “Calima” taldearekin jotzeraino. ”Calima” musika taldearen flamenko berria Grammy Latino delakoaren sarindungai izendatu dute haien disko berriari esker.

 

Bilbo, 2014ko apirilak 23

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.